2deoren deialdiaren helburua ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuak garatu eta prototipatzea da; gainera, 2deoko arduradunen arabera, “hirugarren deialdian parte-hartze handia egon da, gehienbat hautagai gazteak izan ditugu eta euskaraz proposatutako edukiak; ondorioz, 2deoko laborategia finkatu egin da sormen-espazio gisa, eta Euskadiko egungo ikus-entzunezko sektorearen leiho garrantzitsu bihurtu da”.
• Hautatutako proiektuak
Uztaila eta azaroa bitartean, 2deo laborategiak prestakuntza-saioak antolatuko ditu ikus-entzunezko proiektuak preproduzitzeko. Gainera, aholkularitza profesionala eskainiko du edukia kontatzeari, lan-prozesuei, proiektuak gauzatzeari eta jabetza intelektualari dagokienez. Hautatutako proiektu bakoitzak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa izango du.
Honako hauek dira preprodukzio-fasean 2deo laborategian lan egiteko hautatutako proiektuak:
- Patrimonio Virtual SL (Arkikus): Parallel V R Dantza, errealitate birtual paraleloko (PVR) app bat.
- Euskal Wikilarien Elkartea: Ikusgela, euskarazko eduki pedagogikoen web-plataforma bat.
- Kim Maiteny Munoa: Uroboros telesaila.
- Jone Arriola: web bidezko Females saila.
- Mirokutana Koop Elk. Txikia: Zapata Berriak telesaila.
- La Traka Producciones: web bidezko Elizalde Zinema saila.
- Carolina Cruz: web bidezko Zuzenean saila.
- Pello Reparaz: Fatum bideoklip interaktiboa.
• 2deo Sariaren 2020ko deialdira aurkeztutako 99 proiektutatik zortzi hautatu dituzte, eta horien artean da zurea, 'Females'. Azaldu egiguzu proiektuak izan duen ibilbidea eta nola jaso duzun hautatua izan denaren berria?
Proiektua duela urtebete sortu zen, 2019ko martxo inguruan. Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari nintzela, ikasle bakoitzari lan bat egiteko eskatu ziguten. Gutako bakoitzak serie bat eta telebista programa bat sortu behar zuen. Izan ere, EITBk deialdi bat zabaldu zuen iazko uztailean, UNITALENT deiturikoa, bertan ikasleok gure serie eta telebista programa proposamena aurkeztu behar genuen eta horietatik bederatzi onenak aukeratu zituzten. Aukeratuek beka bat eskuratzeko aukera zuten. Bekara 1.200 euro bideratu zituzten, eta horrekin batera Euskal Herriko ekoiztetxe batean praktikak egitea. Females izeneko serie baterako proiektua aurkeztu nuen, eta hautatu egin ninduten. Hala bekari zegozkion praktikak Pausoka ekoiztetxean egin nituen. Eta ikasketetako azken ikasturtean proiektuan sakontzeko aukera izan dut, Gradu Amaierarako Lan moduan lantzea proposatu zidalako irakasleak. Serie proiektuari berriro heldu eta pauso bat haratago joatea proposatu zidan.
Ideia ona iruditu zitzaidan, seriearen ideia garatuta nuelako eta gustatzen zitzaidalako. Hortaz, serieari aukera berri bat eman nion. Erabat aldatu nituen istorioa eta egitura. Pertsonaia batzuk mantendu arren, berriak ere gehitu nituen. Proiektua sendotu egin da azken urte honetan, eta bilakaera hori ikusita, 2deo lehiaketaren deialdiaren berri eman zidan irakasleak, besteak beste, ondo ezagutzen zuelako, aurreko urteren batean antolakuntzan lan egin zuelako eta nire proiektua aurkezteko aproposa zela uste zuelako.
Hala, proiektua egokitu eta aurkeztu nuen. Ez neukan hartuko ninduten esperantza handirik, besteak beste, ez nekielako zelako lanak aurkeztuko zituzten ez eta epaimahaiaren irizpideak zein ziren ere. Aste batzutara jaso zuen nire proiektua hautatua izan zela zioen mezua. Oso pozik hartu nuen berria, baina era berean, presio pixka bat ere nabaritu nuen, 99 proiektu aurkeztu zirela jakin nuenean. Nork esan behar zidan, duela urtebete sortu zen ideia honen bidea ez dela amaitu oraindik.
• Zer aurreratu ahal diguzu zuk aurkeztutako proiektuaz, web bidezko ‘Females’ telesailaz?
21 urteko bost neskek beraien egunerokotasunean dituzten gorabeherak modu gordinean erakutsiko dituen fikziozko seriea da. Gure bost protagonistak, atentzioa deitzen trebeenak dira; Bai itxura fisikoaren aldetik eta baita jokabideen aldetik ere. Txikitatik ezagutzen diren lagun talde honek elkarren artean duten harreman garden eta gordina erakutsiko dute, inolako "filtrorik” gabe. Unibertsitateko urte berri honetan, protagonisten alderdi ezberdinak ikusiko ditugu. Giza harremanak nabarmenduko dira, familia harremanak edota unibertsitatekoak. Hala ere, sexuaren edo droga kontsumoa ez da atzean geldituko. Testuinguru guzti hauetan protagonistek jarrera askea eta lotsagabea azaleratuko dute. Genero aldetik gazte drama bat izango litzateke. Teaser txiki bat ere grabatu nuen, trailer moduko bat, seriearen tonua eta pertsonaien aurkezpen txiki bat egiteko, oraindik aktoreak zehaztu gabe dauden arren, proba bat egiteko sortu nuen lehenengo prototipo hau. Teaserra, Femalesen instagram kontuan dago: @femalesTV
Normalean fikzioan gizonezkoak hartzen duen paper lotsagabe hori emakumeengan islatu nahi dut. Emakumeok ere gure egunerokotasunean horrela jokatzen dugulako. Emakumeok benetan bizi dugun errealitatea den moduan erakustea da helburua. Emakumeok ere sexuaz aske hitz egiten dugu, mutilez, neskez, edo gure buruez. Emakumeok ere hizkuntza lotsagabea erabiltzen dugu elkarren artean. Emakumeok ere inork argitzen ez dizkigun zalantzak ditugu. Emakumeok segurtasuna dugu gure buruarengan, edo ez horrenbeste. Femalesek emakumeon ahotsa erakutsi nahi du, beste emakume batzuk irudikatuta sentitu daitezen.
• Ikus-entzunekoen munduan zein da zure ibilbidea?
Bai dudarik gabe, ikus-entzunezko esparru ezberdinetan aritzeko aukera izan dut eta mundu honetan sakonago murgiltzea gustatuko litzaidake. Niri sorkuntzaren mundua gustatzen zait, istorioak asmatu eta gauzatzea. Fikzioan interes handia daukat eta 2deon egotea izugarrizko aukera dela ikusten dut, aurrerago egin nahi ditudan gauzetarako ikaskuntza modura eta baita sor daitezkeen aukera berrietarako ere.
• Etorkizunera begira ze asmo dituzu? Zer gustatuko litzaizuke?
Esan bezala, “ideala” fikzioa egiten aritzea izango litzateke. Oso zaila dela deritzot baina, aukera izango banu, bideo sortzaile edo errealizatzaile modura lan egitea gustatuko litzaidake.
• Azarora bitartean hautatutako ikus-entzunezko proiektuak aurre-ekoizteko prestakuntza-saioak jasoko dituzue. Ikasteko aukera bikaina ezta?
Bai, jadanik hasi gara mentoria saio batzuekin, eta baita formakuntza klase batzuekin ere. Izugarrizko aukera da, izan ere, ni unibertsitatetik irten berri naiz eta honek ikasten jarraitzeko aukera ematen dit eta aldi berean nire proiektua garatzeko aukera ere. Oso interesgarriak dira saio hauek azkenean proiektuari ikuspuntu ezberdinak ematen dizkiolako, beti ere aldaketak eta kritikak proiektua hobetzeko helburuarekin.
• Zerbait gaineratu nahi duzu?
Amaitzeko, nahiko nuke aipatu, proiektu honetarako lan taldea osatzen nagoela orain, eta proiektu honek norbaiti atentzio deitu badio edo ikus entzunezkoak gustatzen baldin bazaizkio, eta lan egin nahi izango balu kontaktuan jartzeko nirekin. femalestv@gmail.com helbidearen bitartez edo bestela serieak instagram kontua ere badauka: @femalesTV.