Jone Arriola: “Emakumearen figurari jartzen dizkioten filtroak kendu eta benetako emakumea erakutsi nahi izan dut”

Barren.eus 2021ko ots. 6a, 10:55

Jone Arriola (Elgoibar, 1998) Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua da, eta ikasketa amaierako proiektuari esker, Tabakalerak antolatzen duen 2deo lehiaketan sari bat eskuratu du. ‘Females’ izena jarri zion unibertsitaterako lanari, eta proiektuari hainbat aldaketa egin ostean, ‘Larrugorritan’ izenez aurkeztu zuen lana lehiaketara. 99 lanen artetik zortzi aukeratu zituzten azken faserako, tartean Jone Arriolarena, eta hiru saridunetako bat izan da. Sari horri esker, gazteen bizipenak ardatz dituen telesail baterako prototipoa prestatzen ari da.

 2021 02 05 jone arriola larrugorritan serie proiektuaz barren elgoibar

 • ‘Larrugorritan’ telesailerako lehen kapituloa izango dena grabatzeko lanetan ari zara, 2deo lehiaketan irabazi duzun sari bati esker. Nola iritsi zara honaino?
Unibertsitateko hirugarren mailan geundenean telesail baterako gidoia prestatzeko eskatu ziguten lan baterako. Irakasleari asko gustatu zitzaion nire ideia, eta proposatu zidan gradu amaierako lana ere ideia horretatik abiatuta garatzea. Irakasle berberak eman zidan Tabakalerako 2deo lehiaketaren berri. Iruditzen zitzaion nire lana hara aurkezteko modukoa zela, eta pentsatu nuen saiatzeagatik ez nuela galtzekorik. Aurkeztea erabaki nuen, eta fasez fase gaur egun gauden punturaino iritsi naiz. Lehenengo fasean zortzi aukeratu zituzten eta horietako bat izan zen gurea.
Hortik hiru saritu zituzten eta bat gurea izan zen. Orain proiektuaren prototipoa grabatzeko lanetan ari gara; gure kasuan, telesaileko lehenengo kapitulua.

 • 99 lanen artean aukeratutako bat zurea izan zela jakitean, zer sentitu zenuen?
Jende gehienak esaten zidan “baina espero zenuen, ezta?”. Baina ez nuen espero. Gauza bat da norberak buruan duena, baina oso bestelakoa izaten da errealitatea. Zuk pentsatu dezakezu sekulako ideia dela, baina ez dakizu gainerakoei zer irudituko zaien, beraz, ez nuen espero. Lehenengo fasea gainditzea sekulakoa izan zen niretzat. Aukeratuekin egin genuen lehenengo bileran txiki-txiki sentitu nintzen. Gainerako partaide gehienak profesionalak ziren, eta ni unibertsitatetik irten berria. Beste maila bateko jendea zegoen han, eta une hartan konturatu nintzen nire ideiak bazeukala aurrera egiteko mamia. Lagun talde bat batu ginen eta aurreprodukzio lan handia egin genuen bigarren faserako, eta esan zigutenean hiru aukeratuetako bat izan zela gurea, ezin genuen sinistu. Ikasle eta hasiberri moduan, sekulakoa izan da guretzat

 • Kontatuko diguzu zein den saria eman dizun ideia hori?
Asko gustatzen zait emakumea benetan den modukoa erakustea, eta horixe egin nahi nuen; normalean erakusten diguten emakumearen figurari filtro guztiak kendu, eta horren atzean dagoen benetako emakumea erakutsi nahi nuen. Iruditzen zait gaur egun ez dela irudikatzen emakumea benetan nolakoa den, eta ikusi nahi nuen emakumeon jarrera lotsagabeak ikuslearengan nolako eragina zeukan ere. Emakumearen jarrera horretatik tiraka egin nahi izan dugu gazteak identifikatuta sentituko diren telesail bat. Emakumez osatutako lagun talde bat da protagonista, mutil bat ere egongo da taldean, eta helburua da gai bakoitzaren aurrean gure benetako jarrera erakustea, midealismorik gabekoa. Azken batean, gizarte matxista honetan zerekin topo egiten dugun eta nola aurre egiten diogun erakutsiko dugu, gazteen ikuspegitik. Tabuak hautsi eta gizarte kritika sustatu nahi dugu. Euskaraz izango da, euskarazko ikus-entzunezkoak sustatu nahi ditugu, gazteek euskarazko produktuak kontsumitzeko beharra dutelako.

2021 02 05 jone arriola elk barren larrugorritan serieaz

 • Unibertsitate garaian kokatu dituzu protagonistak. Zergatik?
Unibertsitate garaia aukeratu dut iruditzen zaidalako garai hori oso une interesgarria dela gazteontzat. Etxetik joan nahi dugu, baina etxera itzultzen gara; aske izan nahi dugu, baina ez gara guztiz; ikasketa batzuk hasten ditugu, askotan jakin gabe benetan gustatzen zaigun egiten ari garena; eta sozializatzeko oso garai ona da. Joku handia ematen duen garaia da, eta ni neu ere garai hori bizitzen ari nintzenez, pentsatu nuen horrek lagunduko zidala transmititu nahi nuen ideia hobeto azaltzen

 • Momentuz publiko dagoen bideo batean neska gazte talde bat ageri da, sexuaz hizketan. Nolako harrera izan du?
Sexua gai bat gehiago da gure proiektuan, gai garrantzitsua eta gazteengan interes handia duena. Gure artean askotan hitz egiten dugu sexuaz, baina hori ez da erakusten, ezkutuan geratzen da, eta askotan lotsatu ere egiten gara. Tabu horiekin apurtu nahi dugu, eta gai hau normalizatu. Sexua eta sexualitatea normalizatu nahi ditugu emakumeen eta gazteen ikuspuntutik. Gizonezkoek edozein unetan eta edozein tokitan egin ditzakete sexuarekin lotura duten komentarioak, baina emakumeek ez? Guk ere hitz egiten dugu sexuaz eta hori ere erakutsi nahi izan dugu, eta bide batez, euskaldunok sexuarekiko daukagun irudi itxi hori ere apurtu nahi izan dugu. Bideo horretan neskak sexuaz hitz egiten ari dira, mutilei buruz, zakilei buruz eta ez gaude ohituta horrelakoak entzutera, eta ni neu ere lotsatu nintzen apur bat hasieran, baina harrera oso ona izan zuen bideoak, emakumeen casting bidez aukeratu ditugu. Aktore naturalak nahi nituen, errealak. Niretzat ez zen garrantzitsua esperientzia izatea, naturaltasuna nahi nuen, eta jende asko animatu nuen casting-era. Aktore batzuk besteak baino ezagunagoak dira, baina batzuk ez ditugu inoiz ikusi, eta hori gustatzen zait.

 • Emakumeak aukeratuta, mutil bila ari zara. Zein ezaugarri eduki behar ditu ‘Larrugorritan’ telesaileko mutilak?
Mutil saltseroa behar dugu, lotsarik ez duena. Gaztea eta euskalduna izatea ezinbestekoa da, baina bestela, naturala izatearekin nahikoa da. Gu ere ez gara profesionalak, eta nahiago dut aktoreek ilusioagatik parte hartzea, motibatuta daudelako, irabaziko duten diruagatik baino.

 • Proiektuari buruz plurarean hitz egiten duzu. Zein lantalde dago proiektu honen atzean eta zein da zure egitekoa?
Hasierako ideia nirea izan zen eta nik garatu nuen, baina horrelako proiektu bat pertsona bakarrak ezin du aurrera eraman. Beraz, lantaldea handituz joan da, eta oraindik handitzen jarraituko du. Hasieran ni eta nirekin ikasitako bi neska geunden. Gerora batu zaizkigu gidoilariak, casting arduradunak, produkzioko langileak... Ni neu sortzailea izateaz gain, gidoilari eta zuzendaria ere izango naiz. Gidoia nik eta beste bi emakumek idatzi dugu. Nire helburua da lantalde guztia emakumez osatutakoa izatea, edo gutxienez goi karguetan emakumeak egotea, erakusteko mgai garela ardura postuetan ere jarduteko. Normalean kargu handiak gizonezkoek betetzen dituzte, eta guk erakutsi nahi dugu horretarako ere gai garela eta kameraren atzean lan egiten ere badakigula.

Elkarrizketa osorik BARREN astekariko 1189. zenbakian -PDF-

2021 02 05 jone arriola larrugorritan serie proiektuaz barren elgoibar HDR

∞Lotura duten albisteak: