Joan den aste guztian pilatutako prezipitazioa ugaria izan da, eta asteburuan ere mardul eta etenik gabe egin du euria. Horren ondorioz, domeka eguerditik aurrera espero zen unerik kritikoena ufal arriskuari dagokionean. Izan ere, domeka arratsaldetik aurrera elur kota igoz joango zela iragarri zuen Euskalmetek, eta pilatutako elurraren zati bat urtzearen ondorioz, egunaren bigarren zatian uholdeak izateko arriskua handituko zela. Halaxe izan da, eta Bizkaian eta Gipuzkoan gainezka egin dute hainbat ibaik: Kadagua, Ibaizabal, Urumea eta Deba.
Altzolako estazioan jaso dituzten datuen arabera, maila laranja gainditu du Deba ibaiak goizaldeko 1:30ak eta 7:00ak bitartean, eta 4:00etan egon da okerren egoera.
Beste behin ere, gaua luzea izan da Garagartza eta Trinitate kaleetako bizilagunentzako, ura bere bidetik irten baita, Abarketeroneko parean, Kilimon errekak eta Deba ibaiak bat egiten duten puntuan, trenbide azpian. Ondorioz, urak hartu du Garagartza auzoko punturik baxuena, Trinitate kalea. Suhiltzaileak ibili dira goizaldeko 3:00ak arte ura xukatzen, baina alperrikakoa zela ikusi dutenean laga diote zeregin horri.
Elgoibarren ere izan du eragina euri denboraleak. Maltzaga eta Andikano arteko bidegorria itxita dago, zenbait puntutan urak gainezka egin duelako, besteak beste, Maltzaga parean, lehenengo zentral elektrikotik gertu eta Elgoibartik bidegorria hasten den zatian. Udaltzaingoak zinta bat jarri du Andikano baserriaren parean, bidea itxita dagoela adierazteko, baina hala eta guztiz ere herritar bat baino gehiago zebilen paseoan ohartarazpenari kasurik egin gabe. Era berean, Eibarko Udalak Maltzaga parean itxi du bidegorria. Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, Altzolan ere egin du gainezka ibaiak, Alzola Basque Water enpresa parean, bainuetxeko Zumardia kalean. Kaleko metro gutxi batzuk hartu dituela urak zehaztu dute, eta bart bizilagunei inguru horretan autorik ez aparkatzeko ohartarazi zietela.
Ibai ingurutik kanpo ere eduki du eragina denboraleak. Atzo goizean luizi txiki bat izan zen Azkaraterako bidean eta suhiltzaileak eta Foru Aldundiak bidalitako beharginak ibili ziren bidea libratzeko lanean. Sallobente bailarako baserri bide batera eroritako zuhaitz bat trabatik kentzera ere etorri ziren suhiltzaileak.
- ARGAZKI-BILDUMA: Urak hazita Mendaro eta Elgoibarren
Euriari dagokion abisu horia ezarri dute Bizkaian eta Gipuzkoan, 15:00ak arte. Dena dela, okerrena pasatu dela nabarmendu du Euskalmetek.
∞ Lotura duten albisteak:
- Bere bidetik irten da ura goizaldean Mendaron (2019-12-13)
- Ura irten da bere bidetik Mendaron, Abarketeroneko parean (2018-04-11)
- Klapetak jarriko ditu Mendaroko Udalak Garagartzan, auzoa berriz urak hartu ez dezan (2017-07-06)
- Deba ibaia maila laranjara ailegatu da Altzolako estazioan (2017-01-16)
- Deba ibaia gainezka dator eta maila gorria gainditu du Elgoibarren eta Mendaron (2016-02-27)
- Maila gorria gainditu du Deba ibaiak Elgoibarren eta Mendaron (2015-01-30)
- Udalak 262.000 euroko kalteak zenbatu ditu azken euriteen ondoren (2011-11-23)
- 1983ko eta 1988ko ufaletan baino euri gehiago egin du asteburuan Elgoibarren (2011-11-10)
- Asteburuko euriteak 212 litro ur eta kalte ugari laga ditu Elgoibarren eta Mendaron (2011-11-07)