Ura irten da bere bidetik Mendaron, Abarketeroneko parean

Barren.eus 2018ko api. 11a, 18:56

Euria bota eta bota ari du, eta ur handiak datoz Deba ibaian behera. Uholde arriskuagatik, alarma horia ezarri dute, eta Mendaroko Garagartza auzoko portaleetan bandoa ere jarri du Udalak. Garagartza kalean eta Trinitate kaleetan autoak aparkatzea ere galarazi dute uholde arriskuagatik. Izan ere, ura irten da bere bidetik dagoeneko Abarketeroneko parean, Kilimon errekak eta Deba ibaiak bat egin duten puntuan, trenbide azpian.

Deba ibaia oso hazita etorri den azkeneko aldietan Kilimon errekak ibairatzeko arazoak izan ditu, eta halakoetan, urak hartu izan du Garagartza auzoa, urak estoldetatik gora eginda. Hori ikusirik, Mendaroko Udalak klapetak jarri zituen iaz, urari kaleko estoldetarako bidea ixteko. Eta gaur, klapetek bete dute bere lana itxuraz, baina, irtenbidea zirudienak ere badu bere zera, izan ere menditik datorren ura hasi da orain kanalizazioan pilatzen. Ondorioz, Garagartzan, auzoko punturik baxuenean, Trinitate kaleko hirugarren zenbakiaren ondoan, motobonbekin ari dira hodiak husten. Bizilagunek hustu dituzte garajeak eta abarrak, eta beste behin errekari begira pasatuko dituzte ondorengo orduak, eguraldi iragarpenen arabera bihar eguerdira arte gogotik egingo duelako euria.

Alerta laranja aktibatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Gipuzkoan, prezipitazio iraunkorren ondorioz.

12:00etatik 18:00etara bitartean maila horia gainditu du Deba ibaiak Altzolako estazioan, baina emaria gutxitu da gero eta irten egin da arrisku egoeratik. Elgoibarren urak hartu ditu Andikano eta Maltzaga arteko bidegorriko zenbait zati eta Altzola auzoan ere minutuz minutu ari dira jarraipena egiten. Elgoibarko Gurutze Gorria ur-fluxua kontrolatzen ari da.

Uholde arriskua Mendaro

deba ibaia hazita mendaro

uholdeak bandoa

ura hasita deba ibaia 1540 elgoibar

 deba ibaia gainezka bidegorria elgoibar watsapp

ura hasita deba ibaia 1540 elgoibar 2

deba ibaia hazita maala elgoibar

Lotura duten albisteak: