Ibaien egungo egoera eta datozen orduetarako aurreikusten diren prezipitazio iraunkorrak kontuan hartuta hartu dute neurria. Ibaien gertuko jarraipena egiten ari dira era berean hiru Foru Aldundiak, Ura Euskal Agentzia eta Euskalmet meteorologia agentzia.
Izan ere, eguraldiaren iragarpenak ikusirik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia eta alerta laranja aktibatu ditu gaurko; eta euriari, elurrari eta itsasaldeari dagokionez espero dira baldintza meteorologiko okerrenak. Zehatz mehatz, prezipitazio iraunkorragatik izango da abisu horia, domeka goizera arte, eta elurragatik alerta laranja.
•Iragarpena domekarako
Domekan eguraldiak ildo beretik jarraituko du eta negu giro gordina izango da. Euskalmetek jakinarazitakoaren arabera, Kantauri isurialdean prezipitazioa oso ugaria izango da, egunaren lehenengo zatian bereziki trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du eta tenperatura beste apur bat jaits daiteke. Goizaldean eta goizean goiz elur-kota 500-400 metro inguruan egongo da, gero igoz joango da eta gauean 1100 metro inguruan egongo da. Pilatutako prezipitazioa ugaria izango da, eta arratsaldean elur-kota igotzean pilatutako elurraren zati bat urtuko litzateke, ondorioz egunaren bigarren zatian uholdeak izateko arriskua handituko litzateke.
Eusko Jaurlaritzak gomendio-sorta zabaldu du, uholde arriskua egoeran aintzat hartzekoak.