Pentsioak aurrekontu orokorretan legez blindatu arte borrokan segituko dute

Barren.eus 2022ko urt. 16a, 18:59

Zapatuan, urtarrilaren 15ean, lau urte bete ziren pentsio publiko duinen aldeko mugimendua piztu eta kalean protestak egiten hasi zirenetik. Besteak beste, hori ere ekarri zuten gogora Eibarren egin zuten manifestazioaren amaieran, Untzaga plazan irakurri zuten mezuan.

800 bat lagun elkartu ziren Eibarren pentsio publiko duinak aldarrikatzeko manifestazioan, baita elgoibartarrak ere. Protestaren amaieran, gogora ekarri zuten lau urte daramatzatela pentsioen sistema publikoa defendatzen eta ohartarazi dute “behartuta daudela” borrokan “tinko” jarraitzera harik eta pentsioak aurrekontu orokorrean “legez blindatzea” lortu arte, ikusita “gobernu honen zati handi batek erreberentzia” egiten diela “botere ekonomikoei eta finantzarioei”.

Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduko kide Txaro Letek irakurri du protestaren amaierako manifestua. Soraluzetarrak, besteak beste, gogora ekarri zuen pentsioen aldeko protestak Rajoy gobernatzen zegoela hasi ondoren, Sanchezen gobernuan itxaropena jarri zutela baina hark ere ez dituela pentsiodunen aldarrikapenak bete.

 • Frantzian, 62 urterekin
Letek gaineratu du Sanchezek Toledoko Ituna negoziatu duela UGTko eta CCOOko ordezkariekin pentsiodunak kontuan hartu gabe. Gogora ekarri du ez duela lan erreforma indargabetu eta erretiro adina 67 urtera luzatu duela. “Onartezina da. Frantzian 62 urterekin hartzen dute erretiroa”, adierazi zuen Letek.

Eta besteak beste, azpimarratu zuen ikusita “gobernu horren zati handi batek erreberentzia egiten diela botere ekonomikoei eta finantzarioei eta pentsio plan pribatuei ateak irekitzen” ari direla (…) pentsioen alde “borrokan tinko” jarraitzea behartuta daudela “harik eta pentsioak legez blindatzea lortu arte aurrekontu orokorretan pentsiodunek bizitza duina izatea lortu arte (…) Gobernatzen duenak gobernatzen duela ere pentsio publikoak defendatzen dira!”. (Iturria: etakitto.eus)

*Argazkiak eta bideoa: Pedro Lete.

2022 01 16 manifestazioa pentsiodunak 4 urteurrena eibar kalean