Jubilatu eta pentsiodunen behar nagusiei erantzuteko sortu zuten Duintasuna Elkartea Gipuzkoan duela urte batzuk eta hilean behin elkartzen dira elkartekideak bateko eta besteko ordezkariek bildutako kezkei erantzun eta aldarrikapen nagusiak izango dituztenak adosteko. Elkartearen zeregin nagusiak zeintzuk diren azaldu zituzten atzo Elgoibarren egin zuten aurkezpenean, baina pentsioetan jarri zuten bereziki arreta, azken batean horixe izan delako hein handi batean azkeneko egunotan pentsiodunak kalera protestan atera dituen arrazoi nagusia. Elkartekideek salatu dute pentsiodunek sei urte daramatzatela erosteko ahalmena galtzen (2013tik 2017ra, %3,5eko jaitsiera izan dute). 2010etik 2014ra bitartean izoztuta izan zituzten pentsioak, eta 2014tik, urtero, %0,25eko igoera aplikatu die Espainiako Gobernuak. Mariano Rayoren gobernuak iragarria du, gainera, 2020. urtera arte horri eusteko asmoa dutela.
• "Gorriak' ikusten etxe askotan
Horren ondorioz, etxe askotan “gorriak” ikusten ari direla ohartarazi zuten eta pentsiodun askok zailtasun handiak dituztela hil azkenera iristeko. Datuak ere eman zituzten. 2013an 1.500 euroko pentsioa zuenak 1.448 eurokoa du gaur, eta neurri honekin 2017an 1.530 eurokoa izango du. 2013an 900 euroko pentsioa jasotzen zuenak, berriz, 869 euro jasotzen ditu orain eta 2017an 689 eurorekin egin beharko du aurre.
• Bi eskaera nagusi
Aipatu zuten bi direla arlo honetan Duintasuna elkartearen eskaerak: gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea guztientzat eta Espainiako Gobernuak Gizarte Segurantzako eskuduntza guztiak transferitzea Eusko Jaurlaritzari. Gipuzkoan, 184.000 pentsiodun daude egun ( biztanleen %26), horietatik 100.000 inguruk 1.080 eurotik beherako pentsioa kobratzen dute eta hamarretik zazpi emakumeak dira. “Pentsioak hemen kudeatu behar dira, hemen lan egin eta kotizatzen baitugu", zehaztu zuten.