Pentsiodunek elkarretaratzera deitu dute urtarrilaren 15erako

Barren.eus 2022ko urt. 12a, 16:40

Pentsio publiko duinen aldeko mobilizazio jendetsuak egiten hasi zirenetik lau urte beteko dira urtarrilaren 15ean, eta urteurrena ospatzeko, manifestaziora deitu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Elkarretaratzeak egingo dituzte hainbat hiri eta herritan.

Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Tafallan, Altsasun eta Lizarran egingo dituzte elkarretaratzeak, eta gugandik gertuen daudenak, Ondarroan eta Eibarren egingo dituzte. Elgoibarko Gaurgeroa Duintasuna Pentsiodunen Taldeak Eibarkoan parte hartzera dei egin die herritarrei. 12:00etan izango da, Untzagako plazan. 

'Berdin dio nork gobernatu, guk pentsio publikoak defendatu!' lelopean egingo dituzte elkarretaratze guztiak. "Duela lau urte, pentsioetan jasaten dugun erasoagatik protesta egiteko mobilizatzen hasi ginen, %0,25eko igoeragatik, PPk eta EAJk sinatua, besteak beste. Orain, berriro ere aurrerakoia dela esaten duen gobernu batek eraso egiten digu pentsiodunen erosteko ahalmenari eutsiko diola esan arren, baina, errealitatean %3ko igoera lapurtzen ari zaizkigu. Iruzur egiten digute", azaldu dute pentsiodunen taldetik.
Mugimenduaren ustez, 2021eko azaroan onartu zen pentsioen erreformak "ez ditu 2011ko erreformako pentsioen murrizketak indargabetzen", eta, ondorioz, erosteko ahalmena %3 baino gehiago murriztuko zaiela salatu dute: "Hori ez da lan prekaritateari aurre egiteko eta gure pentsioek ordaintzen dituzten gizarte kotizazioak hobetzeko behar den erreforma". Beraz, onartu berri den pentsioen erreformaz kexu da mugimendua; izan ere, beren aldarrikapen gehienak erreformatik kanpo geratu direla diote. Besteak beste, honako hauek:

  • 2022ko pentsioen igoera KPI errealaren arabera egitea.
  • Gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa izatea.
  • 40 urtetik gorako ibilbide profesionalei zigorrak ezabatzea.
  • BAM ezabatzea (Belaunaldien Arteko Mekanismoa), Iraunkortasun Faktorearen ordezkoa baita.
  • Pentsioak publikoak izatea erabat.
  • Erretiro adina 67 urtera arte atzeratu da, pentsioa kalkulatzeko urte gehiago kontuan hartzen dira, %100a kobratzeko urte gehiago kotizatu behar dira; horren guztiaren parean, gazteen %40a langabea da.

Pentsionisten Mugimenduak salatu du Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen 1080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata bere gain hartzea ere ez dutela aintzat hartu, "Eusko Jaurlaritzak gabezia hori konpontzeko tresna nahikoak baino gehiago izan arren. Baita ere alarguntza pentsioek, behingoz, %100 kobratzeko, eta ez %60 edo %52, gaur egun kobratzen duten bezala. Bidegabekeria historikoa da alarguntza pentsioekin egiten ari direna", adierazi dute.

Pentsiodunek orain lau urte hasitako mugimenduei eta borrokari esker hainbat hobekuntza lortu direla azpimarratu dute, besteak beste, %0,25eko igoera iraultzea eta alargunen soldata arautzailearen kalkulua %60ra handitzea. "Beraz, lanean eta mobilizatzen jarraitzen badugu, egungo igoera metodologia aldatzea lortuko dugu, eta KPI erreal baten bidez izatea. Gainerako aldarrikapenak ahaztu gabe", esan dute, eta zapatu honetan, hilaren 15ean, elkarretaratzera batzeko deia luzatu diete herritar guztiei.