Elgoibarren 675. urteurrena ospatzeko egitarauaren baitan, Elgoibarko udalak, Julen Zabaleta Barrenetxearen ibilbidea omendu zuen, bere marrazkiak batuz ‘Yulen, 100 urte’ liburuan. Argitaratu dituzten liburuaren ale berriak Aita Agirre Kulturgunean eskuratu daitezke, debalde. Eraikinen zorroztasunak gordetzen duen historia, lumaz egindako erretratuetan jasotako pertsonaien irudikapen fina zein karikaturekin eragindako irribarreak. Ezaugarri horiek jasotzen dituzte Julen Zabaletaren marrazkiek. Jaso eta jende artean zabaldu, herrian eta inguruan batik bat, baina beste hainbat tokitan ere ikusgai izan dira.
Julen Zabaleta Barrenetxea ‘Yulen’ marrazkilaria hil zen otsailaren 26an, 101 urte zituela. Bere marrazkiak gure artean utzita. Euskal Herriko lekuko egin gaitu, baita bere esku finez aritzen zen gizon langilearen irudia ere.
Txikitatik izan da marrazketa zalea. Sei urte zituela oparitu zion aitak lehen arkatza eta ordutik ez zuen egunik pasa marraztu gabe. Zaletasuna ikasgai bihurtu zitzaion, izan ere, Aita Agirreko Herri Eskolan egin zituen Lanbide Heziketa ikasketak eta Bernardo Ezenarro izan zuen irakasle marrazketa artistiko zein linealean. Ikasle izatetik irakasle izatera pasa zen, Arte eta Lanbide eskola hartan bertan marrazketaren lehen oinarriak irakasten aritu baitzen zenbait urtetan, bere trebezia beste ikasleei helaraziz.
Ikasi ostean, lanera. Hasieran forjan, tornulari, eta gero, delineatzaile eta proiektugile. Marrazketarako abilidadea baliatuz, makinen marrazki argigarriak eta funtzionamenduen krokisak zein katalogo eta jarraibide liburuak egin zituen.
• Ondareen lekuko
Lanerako baliatu zuen bai, baina bere denborapasa ere izan da marrazketa. Xehetasuna izan da Julenen lanei errealismoa eman dien ezaugarria eta marra zehatzak eginez 7.000 laminatik gora marraztu zituen, bereziki, herrietako eraikin ezagun eta esanguratsuak. Izan ere, Euskal Herrian barrena ibili zen hainbat txokotako argazkiak ateratzen eta apunteak hartzen, gero eraikin horiek bere eskutik marrazteko. Fabrika eta aintzinako lanbideak ere irudikatu zituen.
Ondare historiko artistikoa erakutsi digu bere lanokin, gehienetan bere kabuz, inork eskatu gabe. Baina jende zein erakunde askorentzat ere egin izan du lan, beti prest egon baitzen bere ilustrazioak behar izan zituztenentzat egiteko. Makina bat liburu ilustratu zituen eta bere lanak dohaintzan eman. Marrazkigintzarekiko leial ezezik, herritarrekiko eskuzabala izan zen. Ikertzaile, museo, erakunde... asko zorretan daude, beraz, Julen Zabaletarekin. Elgoibarren bertan herriko historia liburu asko jantzi dituzte Julen Zabaletaren marrazkiek.
Eraikinak izan ziren bere lanetan nabarmenenak kopuruz bai behintzat, han eta hemengo ermitak gehien. Baina erretratuak eta karikaturak ere egin izan zituen bere ibilbide luzean. Esaterako, Auñamendi argitalpenerako bertsolari eta idazleen erretratuak eta Danobateko bulego teknikoko bere lankideen karikaturak. Horietako batzuk, Yulen, 100 urte liburuan jaso ditu Elgoibarko Udalak.
• Gure Balioak
Bere marrazkiak izan dira Julenen erakusleiho, baina marrazkilari on baten irudia ezezik Zabaletaren beste hainbat ezaugarri eta balio ere nabarmendu behar dira. Horren adierazle da Debabarrenako Garapen Ekonomikorako Agentziak 2018an eman zion Gure Balioak saria. Orduan bere langiletasuna, bizipoza, umore ona, leialtasuna, diziplina, ordena, eskuzabaltasuna, adiskidetasuna eta egindako lanarekin zuen poza nabarmendu zituzten.
Agur esan du Julen Zabaletak, 101 urteko bide luzea arkatz, luma eta pinturaz kostantziaz marraztu ondoren, bere esanetan hori baitzen marrazten ondo jarduteko beharrezko zena; konstantzia.
Ondo ikasi eta jardun ostean, bere marrazkiek eragindako interesa zein irribarreak utziko ditu marraztuta, bere lanak urteetan ikusi izan dituzten gehienen aurpegietan.
∞Lotura duten albisteak:
- Julen Zabaleta 'Yulen' hil da (2022-02-26)
- Julen Zabaleta: "Nire bizitzaren hamarretik bederatzi marrazten pasa dut" (2021-03-05)
- Julen Zabaleta: “Igarri gabe etorri zaizkit 100 urteak, entretenituta egon naiz orain arte” (2021-02-14)
- 100 urte, milaka irudi (2021-02-12)
- Julen Zabaleta eta Koldo Lizarralde omendu dituzte gaur, zigilu erakusketaren itxiera ekitaldian (2021-01-23)
- Julen Zabaleta marrazkilariak jaso du Gure Balioak Saria (2018-10-26)
- Julen Zabaletaren bizipenak, bere ahotik (2018-10-15)
- Julen Zabaleta: "Elgoibartik Eibarrera jende asko joaten zen karnabaletan" (2017-02-28)