Elkarrizketatu dugun beste alditan esan dugu, baina berriro ere esango dugu: sasoiko eta argi dago Julen Zabaleta. Ia egunero irteten da orain ere kalera, eta ez du marraztu gabeko egunik. Euskal Herriko eta inguruko eraikin historikoak eta garai bateko ogibide eta tradizioak marraztu zalea da, eta historialari eta etnografo askoren liburuak ilustratu ditu. Juan San Martinen Eztenkadak liburua izan zuen lehenengoa, eta gero etorri ziren beste hainbat argitalpen: Eibar, Tintaz eta lumaz (2010), Goierri Marrazkitan (2013), Amaia: VIII. mendeko euskaldunen istorioak (2006), Elgoibar, iragana eta oraina (2008) eta bere ibilbide artistikoan lagun eta bidaide izan duen Carmelo Urdangarinen Aintzinako Lanbideak bildumako argitalpenak. Ondare historikoa erretratatu eta marraztu du, eta are ondare handiagoa osatu. Eta altxor horretan badira umore ukituko lanak ere. Aipagarriak dira, esaterako, Zeruko Argiak
1960tik 1969ra bitartean haurrentzako argitaratu zuen Pan Pin komiki-aldizkarirako egindako lanak, bai eta zenbait elgoibartarri egindako karikaturak ere.
• Erakusketa bertan behera
Aurrez aipaturiko zenbait ale eta lan gaur zituzten Elgoibarren erakusgai jartzekoak Yulen 10 urte erakusketan, baina ezinbestean atzeratu egin behar izan dute, Elgoibar eremu gorritik irten arte. Dena prest dute, baina, intzidentziatasa 500eko langatik jaisten den egunean, Zabaletari merezitako aitortza egiteko. Epe motzean Elgoibarren egiten zaion bigarren errekonozimendua izango da. Urtarrilean omendu zuelako Altzolatarren Dorretxea zigilu elkarteak ere.
• Berbak eta marrazkiak Julenekin
Julen Zabaletaren iloba da Aitor Zabaleta Arrieta kazetaria eta hark osabaren omenez idatzitako testua argitaratu dugu gaur kaleratu den BARREN aldizkariko 1190. zenbakian. Osabaren etxera egindako bisitatik abiatuta, artistaren izatearen eta haren obraren berri eman du ilobak, miresmenetik.
• 100 urte, 94 pasarte
Ehun urtek askotako ematen dute, eta azken mendeko bizimoduaren lekuko zuzena izan da Julen Zabaleta. Elgoibar eta Eibar inguruko bizimoduaren berri ematen duten era askotariko pasarteak dituzte jasota Julen Zabaletaren lekukotzekin ahotsak.eus webgunean, 94 pasarte, hain justu ere. Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzen duen proiektuaren da ahotsak..