1346ko abenduaren 20an sortu zen Elgoibar, eta 675. urteurrenaren harira urte osoan zehar egiteko hainbat ekitaldi antolatu zituen Udalak, herriko eragile eta historialariekin batera. Dultzaineroen eta txistularien kalejirak egin zituzten atzo goizean, eta eguerdian txalaparta doinuak entzuteko aukera izan genuen Maalan, Aita Agirre plazan eta Kalegoen plazan. Iluntzean, bestalde, Julen Zabaletaren marrazkiekin osatutako 'Yulen 100 urte' liburua aurkeztu zuten.
Musika Eskolako bi ikaslek 'Titanic' pelikulako soinu banda jo zuten tronpetarekin ekitaldiari hasiera emateko, eta ondoren, Ane Beitia alkateak hartu zuen hitza. Altzolatarren Dorretxeak urte hasieran egindako zigilu erakusketaren harira sortu zitzaiela liburu hau osatzeko ideia azaldu zuen alkateak. Ondoren, Pello Arrieta historialariak Julen Zabaletaren biografia errepasatu zuen: 1921eko otsailaren 14an jaio zen Julen Zabaleta Barrenetxea San Bartolome kalean. Sasoi batean Sallobente-Ermuaran auzoko Musillo baserrian ere bizi izan zen, eta auzoko eskolara joaten zen Julen. Aita Agirre eskolan jarraitu zuen lehen hezkuntza ikasten, eta lanbide heziketa ikasketak ere bertan egin zituen. Bernardo Ezenarro izan zuen marrazketa artistiko eta lineal ikasgaian irakasle, eta haren lekua hartu zuen ondoren Julenek berak.
Elgoibarko forjetan hasi zen lanean, eta soldadutza amaitu ostean Jose Leon Ziaranekin hasi zen lanean, tornulari. Jarben egin zuen lan ondoren, eta han hasi zen delineatzaile lanetan. Geminisen ere egin zituen urte batzuk, Inca enpresan ere bai eta azkenik Goitin, erretiroa hartu zuen arte. Danobatentzat ere egin zuen lan, baina Goitiko langilea zen.
Marrazteko zaletasuna izan zuen umetatik, eta Euskal Herriko eraikin, festa, pertsonai, paisaje eta bestelakoak marraztu ditu 100 urte hauetan bere lumaz. 7.000 marrazki inguru egin ditu, eta makina bat historialari eta idazleren liburuak ere ilustratu ditu. 2018an Debegesak 'Gure Balioak' saria eman zion, bere bizi luzean sustatu dituen giza balioengatik.
'Yulen 100 urte' liburuan 100 marrazki sartu dituzte. Pello Arrieta historialariak idatzi du hitzaurrea, eta liburuaren amaieran jaso dute Julen Zabaletaren biografia.
Aurkezpen ekitaldiari amaiera emateko, Julen Zabaletaren seme Julenek 100 argazkitan aitaren bizitzaren errepasoa egin zuen, aretoan bildu ziren ikusleengan hainbat oroitzapen piztuz. Marraztearekin batera, mendia izan du zaletasun Julenek, eta Europako Mendietara edota Piriniotara egindako hainbat irteeretako argazkiak bistaratu zituzten, besteak beste.