Julen Zabaleta marrazkilariak Felix Etxeberria iazko saridunaren eskutik jaso du 2018ko Gure Balioak Saria. Eguen arratsaldean egin zuten sari banaketa ekitaldia Mallabiako pilotalekuan.
Ume-umetatik izan du marrazteko afizioa Julen Zabaletak, eta talentu handia erakutsi du beti. Afizioa ofizio ere egin zuen, eta erretiroa aspaldi hartu bazuen ere, jarraitzen du marrazten. Ez dago gelditzeko, gainera. “Gorputza berez da alferra, eta nik ahal den artean, segi! Satisfazio handia ematen dit marrazteak”, dio. Marrazteak bizi du. `Yulen´ du izen artistikoa.
Sasoiko eta argi dago Julen Zabaleta, 97 urterekin. Egunero irteten da kalera, eta egunero heltzen dio pasio duenari. “Marraztu gabe ezin ninteke bizi”, dio. Egunotan, baina, nahikoa lan du telefonodeiei erantzuten. “Zenbatek deitu ete didate! Zenbat etorri ete zaizkit etxera!”. Joaten zaizkion guztiei sarrerako horman zintzilik daukan koadroarekin aterarazten dizkie argazkiak. “Elgoibarko plaza handia da hori. Dagoen gauzarik handiena”, dio bere marrazkiari begira. Makina bat aldiz marraztu du irudi bera, “ederragorik ez dagoelako”.
Baina ez da Zabaletaren etxean topa daitekeen obra bakarra. Egongelako mahai gainera aterata dauzka marrazkietako batzuk, bisitariei erakusteko, eta hantxe ditu azkena Errioxan ateratako argazkiak ere, 2011. urtean agerkari honek eskaini zion azal-orriaren ondoan. “Zain daude horiek”. Arkatzarekin marraztutako bat hartu du eskuan, San Vicente de la Sonsierrakoa. Detailerik ez du falta begiratu batean, baina bukatu gabe dagoela dio. “Atzo arratsaldean egindakoa da. Arratsalderako pultsua ere hobea izaten dut, eta normalean, arratsaldetan marrazten dut”, bota du. Dena du erakusteko, baina egunak beharko genituzke bizitza osoan zehar pilatu duen material guztia ikusteko. “Sobre bat zabaldu, eta marrazki bat agertzen zait. Traste zaharren bat jaso, eta beste bat”. 7.000 laminatako bilduma du, karpetaka sailkatuta, eta digitalizatuta gordetzen dizkio semeak. “Konstantzia izan da nire dohaietako bat. Egin eta egin, eta txarto irtenez gero, borratu eta hasi berriro! Emaitzari erreparatu behar zaio, hori egiten eman duzun denborari beharrean. Eta gogorik ezean, hasi ere ez. Sendagileak ere beti esaten du gogoz kontra ez jateko”. Karikaturak egiten hasi zen umetan, Aita Agirre plazan futbolean egiteko batzen ziren lagunen karikaturak egiten. “Traza zerean izaten zuten, baina, tira!”. Gustatu, baina, elizak eta eraikin zaharrak marraztea gustatzen zaio. “Eraikin berriek ez dute merezi marrazterik. Horregatik dauzkat Eibarko gutxi [120 bat lamina ditu], Eibar erre egin zutelako eta gaurko Eibarrek ez duelako merezi”. Gipuzkoako 88 herrietako ermita guztiak marraztu ditu, eta baita Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako gehientsuenak ere. Eraikin publiko, baserri, dorretxe, eta lantegiez gain, garai bateko ogibide eta tradizioak ere jaso ditu marrazkitan. Nabarmena da, era berean, 1965etik gaur arte liburu ilustratzaile gisa egin duen ibilbidea. Asko eta asko dira bere marrazkiak jaso dituzten argitalpenak, besteak beste, Zeruko Argia aldizkariak 1960-1969 urte bitartean argitaratu zuen Pan-pin komiki-aldizkaria, Eibar, Tintaz eta lumaz (2010), Goierri Marrazkitan (2013), Amaia: VIII. Mendeko euskaldunen istorioak (2006), Elgoibar, iragana eta oraina (2008), edota Carmelo Urdangarin ikerlariak (Gure Balioak Saria 2013) argitaratutako Oficios Tradicionales bildumako liburuak. Trenez eta autobusez ibili da hara-hona urteetan, gustuko zituen eraikinei argazkiak eginez. Carmelo Urdangarin lagunarekin ere makina bat atzera-aurrera egindakoa da autoz. “Hamar urtean soltatu barik ibili gara. Komunera eta ohera ez, baina osterantzean, batera joan gara gu leku guztietara, baina orain, ez nau ezagutzen. Sartu zitzaion gaitza eta burua lausotu zaio”, dio penatuta. Historia-liburuak eta turismo-bulegoetan bildutako mapa eta informazio-orriak izan ditu, baina, beti, lanerako abiapuntu. “Gustukuak markatu eta bila joan izan gara, kamera hartuta”.
• Umetako afizioa, ofizio bihurtua
Ume-umetan hasi zen marrazten, aitak anaia eta biei oparitutako arkatzarekin. Lehenengo marrazkia ere gogoan du. “Aitzurra egiten hasi eta autoa irten zitzaidan”. Eskola handirik ez du izan, baina talentua, sobera. San Lorentzoko eskolan eskolatu zuten 6 urterekin, “San Lorentzoko unibertsitatean”, baina a,e,i,o,u ikasterako laga behar izan zuela gogoratu du. Helduagotan, delineatzaile hasi zen, marrazteko zuen afizioa tarteko. Makina-erremintaren arloko hainbat enpresatan lan egindakoa da, delineatzaile eta proiektugile gisa, makinen marrazkiak eta argibide-liburuetarako makinen funtzionamendua azaltzen zuten krokisak egiten. 15 urte zituela hasi zen lanean, Elgoibarko forjetan lehenengo eta ondoren Ciaran, Jarbe, Goiti eta Danobaten. “Sasoi batean, enpresa denetatik ibili zitzaizkidan deika”. Danobaten hartu zuen erretiroa 1986. urtean, baina erretiroa hartu ondorenean ere zortzi bat urtean jardun zuen Danobatentzako lanean. “Argibide liburuak egiten nituen Kanadara eta kanpora bidaltzeko. Bestela makinarekin batera langile bat bidali behar izaten zuten azalpenak ematera kanpora eta hori garestia zen orduan. Makinaren tripa guztiak marrazten nituen, perspektiban, gero besteek zelan lotu jakin zezaten”. Eta atera ditu Danobatentzako lumaz egindako dozenaka marrazki mahai gainera. “Marrazteko afizioari esker, makina erremintari buruz ere asko ikasi dut. Eskolagabea naiz, baina historialari handiekin ibili naiz hara-hona eta asko ikasi dut, historiaz eta bizitzaz. Asko ez; dena ikasi dut”, dio. Hori du bere beste ezaugarrietako bat. Eskola zapaldu zuen, baina ez nahi beste denboran. “12 urte nituela gerra hasi zen, eta akabo gure eskolak eta gure zerak!”. Autodidakta izan da. “Eginak erakusten du hemen. Eskolarik ez dut izan, baina konstantzia handia bai. Hilabetean marrarik egin gabe banago, torpetu egiten naiz. Neuk igartzen dut. Sekreturik ez daukat, baina egiten dudana badakit seguru egiten dudala. Hori bai, orain erregela erabili behar izaten dut marrak zuzen egiteko. Lehen, ez nuen halakorik behar”, esan du. Nahi lukete askok bere argitasuna 97 urterekin. “Ez nago kexatzeko. Osasun ona daukat eta gustuko lana izan dut beti. Zer gehiago behar dugu ba! Lagunak ere deitu eta deitu ari zaizkit zoriontzeko. Pozik nago”. Mallabiako sari-banaketa ekitaldian irakurtzekoa zuen mezua ere ekarri du eskuz idatzita. “Ez daukat gauza handirik esateko. Bi berbatan esan dezaket, eta ez naiz alferrik luzatuko. Eskerrak eman nahi dizkiet denei nirekin akordatzeagatik”.
- Nola jakin zenuen zeu izango zinela Gure Balioak Saria jasoko zuena? Zer da zuretzat sari hau?
Julenek, semeak, deitu zidan egun batean biharamunean Azitainera joan behar genuela esanez. Eta han joan ginen Debegesara. Hantxe esan zidaten, baina geroago jabetu nintzen eman behar zidatenaz. Han, tontotuta moduan gelditu nintzen, eta etxerakoan semeak ohartarazi ninduen. Pozik nago, bai, oso pozik. Sari eta errekonozimendu asko jaso ditut, baina hau bestekorik ez. Nire aurretik jende handiak jaso du, tartean lau elgoibartarrek: Gemma Agirregomezkortak, Sabin Osorok, Jesus Bilbaok eta azkena Felix Etxeberriak. Eta orain neuk. Gauza handia da.
- Etxean ba al duzu jarraituko dizunik?
Bi seme dauzkat, eta bietako batek, Iruñean bizi denak, bazuen umetan afizio apur bat, baina ez zuen aurrera egin. Birbiloba bat badaukat orain, 4 urtekoa, jator-askoa, eta haretxek dakar afizio pixkat. Margoak-eta eramaten dizkiot nik, segi dezan. Gustatuko litzaidake ba norbaitek afizio pixkat egitea, bihar edo etzi falta naizenean norbaiti laga ahal izateko hemen gordeta daukadan materiala. Biloba bati eman nizkion aurrekoan liburu batzuk-eta, baina badakizu zenbat dagoen hemen?
- Arantzarik edo damurik baduzu?
Egin gabeko denak dira arantza. Denak egin nahiko nituzke, baina ibili egin behar da. Semeari esaten diot hara-hona eramateko, baina ez dauka astirik. Afizioa bai, baina astirik ez. Eta eskapadak egiten ditut. Aurreko batean Bermeon izan nintzen. Trenez joan nintzen Lemoara eta handik Bermeora gero. Bi ermita neuzkan egin gabe, Santa Eufemia eta Andra Mari, eta haiei argazkiak egitera joan nintzen zapatu arratsaldean. Joan, argazkiak egin eta buelta etxera. Bat eginda neukan, baina oker, eta ezin zen hala laga. Semearekin joaten naizenean, jarraitu ezinda ibiltzen natzaio. Gertatzen zaidana da leku askotan urruti laga behar dela autoa, eta lekuraino bertaraino iristeko asko ibili behar dela. Halakoetan semea bidaltzen dut argazki kamerarekin. Irlandara joan ginenean semeak 150 bat argazki atera zituen, eta ni ez nintzen ehunera iritsi.
- Nori emango zenioke zuk sari hau?
Nik beste meritu egin duenik izango da inguruan. Pello Arrieta bera ere egokia izango litzateke. Lan handia egiten ari da, eta zoriontzeko deitu zidanean berari ere esan nion ez nuela ulertzen nolatan ez zioten berari eman nire aurretik. Pello Arrietak eta Javier Elorzak biek merezi dute.