Iaz ez bezela, pandemia aurreko mobilizazioen antza eduki du gaur goizean ikastetxeetako ikasleek parte hartu duten elkarraetaratzeak eta manifestazioak. Ikastetxeetatik manifestazioan ailegatu dira Kalegoen plazara, eta elkarretaratzea egin dute 11:00etan. Adierazpenak irakurri ostean, manifestazioa egin dute herriko kaleean barrena. Arratsalderako mobilizazio gehiago daude iragarrita, bai Elgoibarren eta baita Mendaron ere. Elgoibarko ekitaldia 19:30ean hasiko da Kalegoen plazan. Uluka batukadak emango dio hasiera, manifestua irakurriko dute, emakumeen argazkiekin 'Elkartuta, infinituraino' ekimenerako argazki murala osatuko dute, eta segidan manifestazioa hasiko da.
Mendaron berdintasunaren aldeko martxa egingo dute, 19:00etan hasita, Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak antolatuta. Martzela Osoro plazatik irtengo dira, eta Maite Maiora kirolgunera bitartean egingo dute aldarrikapen martxa.
Mugimendu feministak zaintza jarriko du erdigunean gaurko mobilizazioetan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak "publikoa, doakoa eta integrala" izango den zaintza sistema bat exijitzen du. ldo beretik, Euskal Herriko Bilgune Feministak ere ideia horren inguruan ondu du aurtengo kanpaina, "euskal sistema publiko eta komunitarioa" nahi baitu. Emakundek, berriz, emakumeek gorputzaren eta itxura fisikoaren gainean jasaten duten presioa landu du aurtengo Martxoaren 8ko kanpainan. (iturria: berria.eus)