Martxoaren 8ak emandakoa Elgoibarren eta Mendaron

Barren.eus 2021ko mar. 9a, 14:21

Pandemia dela-eta martxoaren 8ko mobilizazioak ez dira azken urteetakoak modukoak izan, inondik inora, baina hala eta guztiz ere igarri zen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izan zela, ondorengo argazki-blduman ikus dezakezuen moduan.

 Elgoibarren 'Herriari Hitza' egitasmoa antolatu zuen Udalak, eta mikrofono bat egon zen Kalegoen plazan, goizean eta arratsaldean, nahi zuten herritarrek aldarrikapen mezuak zabal zitzaten. Arratsaldean gainera, mikrofono hori baliatu zuten Udalak onartutako adierazpen instituzionala hainbat hizkuntzatan irakurtzeko: arabiarrez, errumanieraz, gazteleraz eta euskaraz. 'Zaintza berdintasunean. Emakumeen egitekoa Pandemian eta zaintzaren Krisi Globalean" izeneko adierazpena onartu du Udalak 2021eko martxoaren 8aren harira (Hemen irakur dezakezue osorik). 

Elgoibarko Emakume Feministak taldeak deituta elkarretaratzea egin zuten 19:00etan Kalegoen Plazan, baina zazpiretako kanpaikadak jotzen ari ziren unean hasi zen euria eta plazako aterpe desberdinetatik jarraitu zuten ekitaldia plazara gerturatutakoek. 'Dena aldatu sistema arrakalatu' adierazpena irakurri zuten Elgoibarko Emakume Feministak taldeko bi kidek eta horrekin amaitu zen ekitaldia. Mendaron ere egin zuten elkarretaratzea, tratu onen aldeko taldeak deituta. Ondorengo bideoan ikus ditzakezue Elgoibarko zein Mendaroko elkarretaratzeak.

 Uluka Batukako kideak ere irten ziren kalera, baina ekitaldi berezia izan zen, herritarrak ez parte hartzera deitu baitzituzten. "Orain inoiz baino gehiago, ezerk ez gaituela geldiaraziko erakutsi nahi dugu, baina ez dugu inoren bizitza arriskuan jarri nahi. Horregatik, kalean izango gara, baina bakarrik, herritarrak parte hartzera deitu gabe", aurreratu zuten. Euren emanaldiarekin balkoietatik eta leihoetatik bat egiteko eskatu zieten herritarrei.

Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolakoek ere bat egin zuten ospakizunekin eta bideo bat argitaratu zuten atzo, eskola osatzen duten emakumeei, "egunero lanean diharduten irakasle zein ikasleei omenaldi txiki bat", egiteko. Era berean, musika klasikoan egon diren emakumezko konpositoreen inguruko erakusketa bat ere antolatu dute. Hamar konposatzaile aukeratu dituzte eta QR kode batera lotu dute bakoitza, konposatu zuten musika entzun ahal izateko. Atzo goizean Herri Eskolako ikasleen bisita jaso zuten, eta honako bideoan jaso dute beraiek.

Era berean, honako bideoan ikus dezakezue Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak antolatu duen “Emakumea naiz eta harro nago” erakusketako irudiekin osatua. Herriko neska eta emakumeen irudi eta esaldiekin osatu zuten erakusketa Goñati pilotalekuan ipini zuten ikusgai.

 2021 03 08 martxoak 8 elgoibar adierazpena arabieraz

2021 03 08 martxoak 8 elgoibar adierazpena errumanieraz

2021 03 08 martxoak 8 elgoibar adierazpena Emakume feministak

2021 03 08 martxoak 8 elgoibar adierazpena jendea kalegoen

2021 03 08 martxoak 8 mendaro elkarretaratzea

2021 03 08 martxoak 8 mendaro elkarretaratzea 1

2021 03 08 martxoak 8 elgoibar uluka batuka