Martxoak 8aren harira Emakumearen hilabetea antolatu dute herriko eragile desberdinek

Barren.eus 2022ko mar. 3a, 15:40

Elgoibarren emakumearen hilabetea izango da martxoan hainbat tailer, kontzertu eta ekintzekin. Antolatzaileek inauteri martitzenean aurkeztu zuten prestatu duten egitaraua.

Herriko eragile desberdinek hainbat ekitaldi antolatu dituzte emakumeekin lotuta martxorako. Barikuan, martxoaren 4an, hasi eta hilaren 13ra arte Mendia Emakumetasunetik izeneko argazki erakusketa izango da Jon Martinez Ibarraren lanekin, eta martxoaren 10ean erakusketako protagonistekin mahaingurua egingo dute Kultur Etxeko erakusketa gelan, 19:00etan. Musikak ere izango du lekua martxoko ekitaldietan. Izan ere, Sustrai akordeoi talde elgoibartarrak 12:30ean kontzertua eskainiko du zapatuan, Herriko Antzokian. Uluka Batukak ere martxoan bi saio egingo ditu herria emakumearen alde esnatuz; martxoaren 5ean akordeoi kontzertu ostean Maalako parketik abiatuta, eta 8an, 19:30eko Kalegoen plazako elkarretaratzean. Ekitaldi horretan emakumeen aurpegien argazkiekin mural erraldoi bat egingo dute Elkartuta, infinituraino! mezua plazaratuz. Horretarako, 19:30ean, argazkiak plazara eraman beharko dira. Argazkiak aurpegikoak izan behar dira plano osokoak, begiradaren lehen planoak, aurpegia garbi, zikinduta, koloreztatuta, mozorrotuta...
 • Bi elkarretaratze martxoaren 8an
Martxoaren 8an, arratsaldean ezezik goizez ere izango da elkarretaratzea Kalegoen plazan 11:00etan. Ospakizunak janaren bueltan ere egin ohi dira eta martxoaren 5ean emakumeen bazkaria izango da 14:45ean, Sigma jatetxean. Baina kulturak martxoan barrena izango du lekurik emakumeen egitarauan. Maite Larbururen kontzertua egongo baita martxoaren 11n eta Yo, la peor del mundo antzezlana martxoaren 18an. Eta programazioari amaiera emateko, martxoaren 28an, ‘Zoru itsaskorra’ emakumeen hausnarketarako saioa egingo dute Lilan, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Ludotekak eta Gaztelekuak ere antolatu dituzte ekimenak. Ludotekan Postontzi Moreak ekimena eta ‘Museoko altxor ezkutuaren bila’ jolasa egingo dituzte, eta Gaztelekuan, Hilabete Morea ospatuko dute: mezu feministak kristaletan, argiztapena, sukaldaritza tailerra, eskulanak eta pelikulak, besteak beste.

Martxoak 8 egunero dela gogorarazteko izango dira ekitaldiok, “eta lema hori aldarrikatzen jarritzen dugu ez delako betetzen eta egun zehatz batean ospatu behar bada oraindik egiteko asko dagoelako. Borrokan segi behar da eskubide berdintasuna lortzeko, baina urte osoan barrena”, dio Paki Lucha Lilako Mahaiko kideak.

2022 03 03 emakumeen hilabetea egitaraua