Kilimoi erreka ondoko petrila altxatzeko lanak bihar hasiko dituzte Mendaron

Barren.eus 2022ko aza. 30a, 14:31

Urak handi datozenean Kilimon errekak gainezka egiteko arriskua txikitzeko, erreka ondoko petrila altxatuko du Uraren Euskal Agentziak, uraren politika kudeatzeko Eusko Jaurlaritzaren menpeko entitateak.

Gaur hasi dira ingurua hesitzen eta bihar hasiko dituzte lanak. Udaletik jakinarazi dute hiru bat astean amaitzea aurreikusten dutela.

Uraren Euskal Agentziak behin baino gehiagotan esan du Deba ibaiak eragiten dituela arazorik handienak Mendaroko Garagartza auzoan, baina han esku-hartzerik ez dagoela. Deba ibaia hazita datorrenean, Mendaroko Kilimon errekak ezin izaten ditu urak ibairatu, eta errekan behetik gora hasten da pilatzen ura, astiro-astiro. Hori gertatzen denean, Kilimon errekan 2017an jarri zituzten klapetak itxi egiten dira errekara doazen hodietatik ura kalera irtetea eragozteko, baina horrek beste arazo bat sortu ohi du auzoan euri-ura eta menditik datorrena kalean hasten delako pilatzen, auzoko punturik baxuenean, Trinitate kaleko lehenengo zenbaki pare horretan (horrela gertatu zen 2021eko abendu hasieran egin zituen euriteetan, esaterako). Klapetak jarri zituztenean ere ohartarazi zuten teknikariek ez zela behin-betiko irtenbidea izango hori, baina geroztik, ez da beste aktuaziorik egin hori zuzentzeko.

URAk azkena egindako azterketatik ondorioztatu dute hoditeria-sistema aztertzeko beharra dagoela batetik, eta bestetik, petrila altxatuta txikituko litzateela Kilimoiak gainezka egiteko arriskua. Udalak enpresa bati agindu dio euri-uren sarearen funtzionamendua aztertzeko eta uholdeetan kaltetutako bizilagunen batzordekoekin azkena egin zuten batzarrean adierazi zuten urtarrila erdialderako izango dituztela lehenengo emaitzak. Aurreratu dute, hala ere, ekaitz-tanga bat eraikitzea izan daitekeela irtenbideetako bat. Trinitate kaleko 1. zenbakiaren ondoko isletan eraikiko lukete. Hara bideratuko lituzkete gero hoditeria-sisteman pilatzen diren urak, eta handik errekara ponpatuko lukete gero ura.

 • Petrila altxatuko dute
Eskumen kontua ere badago, baina. Petrila altxatzea URA agentziari dagokio, eta hoditeria-sistemaren azterketa egitea, Udalari. URA-ek bihar, ostegunean, hasiko ditu lanak. Petrila 12 bat zentimetroan altxatuko dute. Gaur egungoari gaineko txapitula kenduko diote, eta dagokion altura eman ostean, berriro jarriko dute gainean. 71,51 metroko luzeran egingo dute hori. Hormigoizko eta harlangaitzezko inposta kentzeko, obra-hondakinak kentzeko, harlangaitza hornitzeko eta jartzeko eta hormigoizko inposta egiteko lanak izango dira beraz bihar hasiko dituztenak. Horregatik, obrak irauten duen denboran ezingo da erreka ertzean aparkatu.

2022 11 30 2021 12 10 mendaro ura gainezka ufalak barren

 Lotura duten albisteak: