Gaua oso luzea izan da Deba ibaitik eta Kilimon errekatik gertu bizi diren lagunentzat. Deba ibaiko ur emariak maila gorria gainditu du hainbat orduz Altzolako estazioko neurgailuan; atzo gaueko 22:00etatik gaur goizeko 9:30era bitartean, hain justu ere. Hala, Deba ibaiaren arroako leku ugaritan, ibaiak beretzat hartu ditu kale eta errepide zati ugari. N-634 errepidera ere irten da ibaia Altzola eta Mendaro artean, eta isolatuta laga du errepidez Mendaro. Trena da Mendaron sartu-irtenean ibiltzeko modu bakarra.
- ARGAZKI-BILDUMA: Ufalak Mendaron eta Elgoibarren
Altzola auzoan kale eta parkeak hartu ditu urak. Duela bost urteko euri denboraleak eragindako kalteak zituzten gogoan bizilagunek, baina gaur halako ur-goraldirik ez zela izan orduan aipatzen zuten, eta 83ko ufalak zituzten akorduan. Haietan ura noraino ailegatu zen erakusten duen marka dago Altzolako elizaren arkupeetan, lurretik ia bi metrora. Orduan bezala, gaur ere urak hartu du eliza, baina katiuskak jantzita barrura sartzeko aukera zegoen gaur. Sakristian eta ondoko etxean ere sartu da ura, eta uraren maila jaitsi ostean lokatzez beteta ikus zitekeen, elizaurrea moduan. Deba ibaian behera zihoan ur emariak eliza aurreko zubian tope egin duelako ureztatu dela uste dute bizilagunek.
Alzola Basque Water enpresa izan da kaltetuenetakoa Altzolan, Deba ibaiak gainezka egiten duen aldiro gertatzen den moduan. Enpresaren beheko solairua eta sotoak hartu dituela urak jakitera eman dute. Azken zortzi urteetan lau uholde izan dituztela adierazi dute sare sozialen bidez zabaldu duten mezuan, eta ezintasuna sentitzen dutela "administrazioen utzikeriaren aurrean, ez baitiote konponbiderik jartzen halako egoerara garamatzaten arazoei. Badirudi egoera txarrean dauden ibaien arroak ez direla inoren eskumenekoak. Ez horien garbiketa ez eta babesa ere. Ingurunearen babesa ezin liteke egitekoen zerrendan azkena egon. Bien bitartean, Alzola Basque Water familia osatzen dugunok gure larruan sufritzen dugu errealitate gordina: betirako gal dezakegu iturburua", adierazi dute.
Elgoibarko beste hainbat lekutan ere eragin ditu kalteak urak. Bebarru, garaje eta lokaletan sartu da ura. Esaterako, King-kong eraikineko garajeetan eta zenbait elkarte gastronomikotan ere bai, besteak beste, Baltasar edo Goiko Errotan.
Bidegorria ere itxita dago Elgoibarren, bideko zati ugari baitaude urazpian.