Kartela aurkeztuta, hasi da Mugertza kroserako atzera kontaketa

Barren.eus 2022ko abe. 13a, 15:21

Juan Mugertza Nazioarteko Krosaren 79. edizioko kartel ofiziala aurkeztu du Mintxeta Atletismo Taldeak. Azaldu dutenez, krosaren gogortasuna eta Mintxetako zirkuituak eman dezakeen ikuskizuna irudikatzen dituen argazkia aukeratu dute aurtengo kartelerako.

Hilabete bat baino gutxiago falta da 2023ko Mugertza Krosa jokatzeko, urtarrilaren 8an izango baita lasterketa entzutetsuaren 79. edizioa izango dena.

Krosaren inguruko giroa berotzen joateko kartel ofiziala aurkeztu dute antolatzaileek. Azaldu dutenez, iaz oihartzun zabala eduki zuen Lilian Rengeruk atleta kenyarra oinutsik ageri zen kartelak, eta bere aurpegirik ikusten ez bada ere, aurtengo protagonista Miguel Angel Barzola da, hainbat alditan parte hartu duen atleta argentinarra. Lokatzez zikinduta ageri da atzetik ateratako argazkian, potzu bat zapaltzen duen unean, "krosaren muina bete-betean harrapatu eta islatzen duen duen irudia". Krosaren sekretuak bistaratzen horren trebea den Felix Sanchez Arrazola argazkilariak ateratako argazkia dela argitu dute. Kartela aurkeztuta, erakundeei eta babesleei eskerrak eman dizkiete Mintxetakoek, haiengandik jasotzen duten laguntza handiagatik.

 • Izen-ematea zabalik
Krosean parte hartzeko izen-ematea ere zabalik dago. Atleta interesatuek honako loturan egin dezakete Mugertza krosean parte hartzeko izen-ematea, urtarrilaren 4a baino lehenago: https://sdp.rfea.es/auth/login
Era berean, krosa antolatu ahal izateko boluntarioak behar dituzte, eta horiek ere izena eman behar dute mezu bat bidalita honako e-posta helbidera: mintxeta@mintxeta.com

 

∞Lotura duten albisteak: