Zailtasun ezberdineko bi lasterketa izango dira: luzea, 23 kilometrokoa, eta motza, 11koa, eta Euskal Herriko Kopako proba puntuagarriak izango dira biak, bai eta Euskal Mendizale Federazioko txapelketa ere. Mendaroko Txirrindulari Elkarteak eta Lizarpe Mendi Kluba dira antolatzaileak eta herri oso bat jardungo da laguntzen.
Guztira, 450 korrikalari daude izena emanda: 300 lasterketa luzerako, eta 150, motzerako; tartean izen handiko asko. Urtarrilaren 10ean zabaldu zuten izena emateko epea antolatzaileek, eta ordu gutxiren buruan banatu zituzten luzerako dortsal guztiak. Ikusmin handia dago beraz biharko, eta parte-hartzaile kopurua bera eta korrikalarien maila kontuan hartuta, ikuskizuna ziurtatuta dago. Gaur gaurkoz, Maite Maiora mendaroarrak du denborarik onena emakumezkoetan, luzean: 2:16:14. 2017. urtean ezarri zuen errekorra Maiorak. Gizonezkoetan, berriz, Bartlomiej Przedwojewski poloniarrak egin du gaur artekoan denborarik onena, 2018an: 1:54:43.
16:00etan abiatuko dira lasterketa motza jokatzekoa dutenak, eta bost minutu geroago, luzerako izena emanda daudenak. Ibilbide motza 11 kilometrokoa da, eta 600 metroko desnibel positiboa du. Helmugakoaz gain, bi anoa postu izango dituzte bidean korrikalariek: bata, bosgarren kilometroan, Lizarpen, eta bestea, 7,5. kilometroan, Saroben. Bigarren anoa postuan ura bakarrik banatuko dute. Proba luzeak, berriz, 23 kilometro izango ditu eta 1.650 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute korrikalariek. Bost anoa postu izango dituzte luzekoek: Barrenkortan (4.km), Madarixan (8.km), Mutxubarrenen (12,5.km), Otarren (15.km) eta Gaintxipian (18. km) eta helmugakoa. Bost anoa postuetara autoz iritsi daiteke, nahiz antolakuntzakoek nahiago duten ahal den gutxien hartzea kotxea. Edonola ere, lehenengo lau anoa postuetako batera autoz joatea erabakitzen duenak aukera izango du, ondo bidean, proba luzeko lehen hiru korrikalariak helmugaratzen ikusteko; Gaintxipiara joaten denak, ordea, nekez.
Mendaroko Txirrindulari Elkartea eta Lizarpe Mendi Kluba dira antolatzaileak, baina babesle eta laguntzaile zerrenda luzea dute, eta batez ere, boluntario lanean jardungo den herri oso baten laguntza ezinbestekoa. Dena dago lotuta, eguraldi ona izan ezik. Eguraldi iragarleek euria emanda dute biharko, eta zailtasun hori gehitu dakieke korrikalariei, baina zailduak dira denak ere.
• Punta-puntako lasterkariak
Proba luzerako izena emanda daudenen artean, izen handiko korrikalariak daude, tartean egungo Euskal Herriko txapelduna: Gontzal Murgoitio. Baina gehiago dira begiz jo beharrekoak, hona horietako batzuk: Imanol Goñi eta Hassan Ait iazko Sorginen Lasterketan bigarren eta hirugarren postuak eskuratu zituztenak eta Mendaron ere ezagunak direnak, Aitor Zunzunegi Euskal Herriko Kopan lider dena, Javi Goitia iazko Kilimon Trail lasterketako irabazlea, Ibai Larrea, Alain Santamaria, Oier Ariznabarreta, Aitor Ajuria, Iñigo Alzola, Hodei Samaniego, Ibai Makazaga eta Irazu Aranburu. Kanpotik datozenen artean, aipatzekoak dira, era berean, iaz errekorra ontzeko asmoz etorri zen Anders Kjaerevik, jaitsieretan munduko onenen artean aipatzen dutena, eta Pere Rullan mallorcarra.
Emakumezkoetan, Maite Maiora mendaroarra eta Mayi Mujika elgoibartarra, gure bi ordezkariak, aipatu behar dira beste inor baino lehen, baina haiekin batera lehiarako prest etorriko dira Malen Osa, Ainara Uribarri, Oihana Zubillaga (Euskal Herriko Kopan hirugarren postuan dagoena, momentuan), Lide Urrestarazu, Jone Fuente, Sara Peña, eta Garazi Sampedro, besteak beste.
∞ Lotura duten albisteak:
- Javi Goitia eta Onditz Iturbe izan dira azkarrenak Kilimon Trail lasterketan (2022-04-04)
- Euskal Herriko eta nazioarteko mendi lasterkari onentsuenak lehiatuko dira Kilimon Trail mendi-lasterketan (2022-03-30)
- Ander Iñarra eta Maite Maiorak irabazi dute Kilimon Trail mendi lasterketa (2019-04-06)
- Euskal Koparako puntuagarria izango da zapatuan Mendaron jokatuko duten Kilimon Trail mendi-lasterketa (2019-04-03)
- Bartlomiej Przedwojewski poloniarra eta Vanessa Pelaez andoainarra nagusi Kilimon Trail mendi lasterketan (2018-04-15)
- Bi ibilbide izango ditu Kilimon Trail mendiko lasterketak, motza eta luzea (2018-03-28)
- Julen Larruzea eta Maite Maiora gailendu dira zazpigarren Kilimon Trail lasterketan (2017-04-10)
- Walter Becerra eta Virginia Perez nagusi Kilimon Trail lasterketan (2016-04-10)
- Aitor Osa eta Maite Maiora gailendu dira Mendaroko Kilimon Trail mendi lasterketan (2015-04-13)