Euskal Herriko eta nazioarteko mendi lasterkari onentsuenak lehiatuko dira Kilimon Trail mendi-lasterketan

Barren.eus 2022ko mar. 30a, 14:27

Aurten Korrika Mendarotik pasako ez den arren, korrikalaririk ez da faltako asteburuan Mendaron. 450 mendi-lasterkarik hartuko dute parte Kilimon Trail proban.

Mendaro inguruetako mendietan jokatuko dute Kilimon Trail mendi lasterketa, larunbatean, apirilak 2, 16:00etatik aurrera. Lizarpe Mendi Klubak eta Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatzen duten proba Euskal Herriko Koparako puntuagarria izango da aurrenekoz, probaren hamargarren urteurrenean, hain justu ere. Bost lasterketek osatuko dute Kopa eta Bizkaiko Bedia herrian jokatu zuten aurrenekoa (Kolazinoko Mendi Eguna), joan den martxoaren 19an. Asier Larruzea eta Oihana Azkorbebeitia gailendu ziren. Bigarrengoa izango da Mendarokoa.

 • 450 parte-hartzaile
Zailtasun desberdineko bi ibilbide izango ditu probak, bata 23 kilometrokoa eta 1.650 metroko gainbehera positiboa duena (ikus hemen 'track'a) eta bestea 11 kilometrokoa eta 900 metroko gainbehera positiboarekin (ikus hemen ´track-a). Ibilbide motzeko ibilbidea erabat aldatu dutela jakinarazi dute antolatzaileek, distantzia eta desnibela mantendu dituzten arren, oraingo ibilbidea "askoz politagoa" dela nabarmenduta.
Aspaldi itxi zuten izen ematea, antolatzaileek jarritako mugara iritsi zelako. 450 lasterkarik hartuko dute parte. Euskal Herriko mendi lasterkari onenez gainera, mundu mailako atletarik onentsuenak ere izango dira Mendaron. Anders Kjærevik norbegiarra da horietako bat. Bartlomiej Przedwojewski poloniarrak 2018an ezarritako errekorra (1.54:43) ontzeko asmoarekin dator adituen arabera jaitsieretan hobekien moldatzen den lasterkarietako bat. "Jaitsieretan duen trebetasun hori bertatik bertara ikusteko desiatzen gaude", azaldu dute antolatzaileek. Kjærevik Mendaron da eta ibili da Lizarpe aldean entrenamenduak egiten.
Emakumezkoetan Maite Maiorak dauka probaren errekorra (2:16:45). 2017ko lasterketan ezarri zuen. Antxitxikari mendaroarrak zazpi alditan irabazi du etxeko mendi-lasterketa, eta aurten ere irteeran egongo dela esana du.

Pandemia dela eta 2019tik ez da jokatu Kilimon Trail. Urte hartan Ander Iñarra eta Maite Maiora gailendu ziren. Ibilbide motzean, berriz, Gontzal Murgoitio (0:49:05) eta Marina Gonzalez (1:01:26) izan ziren azkarrenak.

∞ Lotura duten albisteak: