Zabalik dago Kilimon Trail mendi lasterketarako izenematea. Apirilaren 14an izango da aurtengoa, estreinakoz zapatuan, domekan jokatu baitira orain arteko zazpi lasterketak. Bada beste berrikuntza bat ere, bi ibilbide izango dituelako probak: 23 kilometroko ohiko ibilbidea bata, eta, 11 kilometroko ibilbide motzagoa bestea, aurrenekoz. Kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena luzerako zein laburrerako. Aurten, gainera, Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartzeko dortsal bat zozketatuko dute Elgoibarko Laserlan enpresaren lankidetzari esker. Ibilbide luzea egiteko izena ematen duten guztien artean zozketatuko dute sari banaketa ekitaldian.
Mendaroko Txirrindulari Elkarteak (MTT) antolatzen du Kilimon Trail mendiko lasterketa, Lizarpe Mendi Klubaren babesarekin. Iaz, Maite Maiora (Mendaro, 1982) eta Julen Larruzea (Larrabetzu, 1982) gailendu ziren zazpigarren Kilimon Trail mendi lasterketan, eta errekorrak ondu zituzten gainera.