Walter Becerra eta Virginia Perez nagusi Kilimon Trail lasterketan

Barren.eus 2016ko api. 10a, 16:20

23 kilometroko ibilbidea osatu ostean, elkarrengandik metro gutxira ailegatu dira helmugara Walter Becerra eta Pere Rullan. Sestaon bizi den venezolarrak sei segunduko aldea atera dio Mallorkako saltakari Rullani. Emakumezkoetan Virginia Perez gasteiztarra gailendu da. (argazki bilduma dauka)

Eguzkipean saltaka egin badute ere ibilbide lokaztua eta irristakorra izan dute gaur Kilimon Trail mendi lasterketaren 6. edizioa amaitzea lortu duten 208 lagunek. Gizonezkoetan hiru saltakari nabarmendu dira guztien artetik: Walter Becerra (Venezuela, 1984), Pere Rullan (Mallorka, 1990) eta Zaid Ait Malek (Imilchil, Maroko, 1984). Becerrak eta Rullanek lehia estua izan dute eta metro gutxi batzuetako aldea atera dio Becerrak Rullani. Ordubete, 57 minutu eta 25 segundoan osatu du ibilbidea lehenak eta sei segundo gehiago behar izan ditu bigarrenak. Irabazlearengandik minutu bat eta 11 segundora iritsi da hirugarren saltakaria, Zaid Ait Malek. Bosgarren postuan sailkatu den Iker Oliveri hondarbiarra izan da lehen euskalduna, eta Jokin Muñoz izan da lehen mendaroarra, sailkapeneko 11. postuan.
Emakumezkoetan, Maite Maiora ez den lehen irabazlea ezagutu du probak. Min hartuta dagoela-eta, probako menderatzaile nagusiak -jokatu diren bost probak irabazi ditu- ezin izan du parte hartu. Virginia Perez gasteiztarra eta Montse Vazquez aritu dira lehen posturako lehian eta Perez gailendu da, 2:36:21eko denborarekin. Hiru minutuko aldea atera dio Vazquezi (2:39:25). Nerea Amilibia aiarra sailkatu da hirugarren postuan (2:40:18) eta pozez gainezka gurutzatu du Herriko enparantzan zegoen helmuga marra. (ikus sailkapen osoa kirolprobak.com webgunean)
•Ait Malek eta Vazquez onenak kronoigoeran
Iaz hasitako bidetik kronoigoera bat izan da gaurko probaren barruan, hamazazpigarren kilometroan: Gaintxipixatik Lizarpera nork azkarrago igo neurtu dute antolatzaileek —400 metroko igoera da, 100 metroko desnibelarekin—, eta Zaid Ait Malek eta Montse Vazquez izan dira azkarrenak. Mendaroko produktuez osatutako otarra eta La Sportiba etxeak emandako kirol materiala jaso dituzte saritzat.