Javi Goitia gernikarra izan zen lauretan azkarrena, 2:01:43ko denbora eginda, eta haren atzetik sartu ziren helmugan Imanol Goñi eta Asier Larruzea elkarrekin (2:01:48) eta Anders Kjaerevik norvegiarra, gero, lasterketa irabazteko faborietako bat zena (2:01:53). Emakumezkoetan, berriz, Onditz Iturbe igorrearra gailendu zen, nagusitasun osoz. 2:21:43ko denboran osatu zuen 23 kilometroko ibilbidea, ia bi minutura helmugaratu zen bigarrena: Ainara Urrutia. Podiuma, berriz, Mayi Mujika elgoibartarrak osatu zuen, 2:29:21eko denbora eginda. Hiru minutu geroago helmugaratu zen etxeko korrikalaria, Maite Maiora, gaur gaurkoz errekorraren jabe dena. 2017an ezarri zuen errekorra Maiorak (2:16:14) eta inork ez du lortu ontzerik. Gizonezkoen errekorra ere ondu gabe gelditu da aurten. Bartlomiej Przedwojewski poloniarrak du errekorra, 2018an ezarritakoa: 1:54:43.
Euskadiko Koparako proba puntuagarria izan zen zapatukoa eta Asier Larruzea eta Garazi Sanpedrok jantzi zuten liderraren elastiko berdea (ikus hemen Mendaroko podiumean).
• Eguraldiaren eragina
Euskadiko Koparako proba puntuagarria izan zen zapatukoa eta Asier Larruzea eta Garazi Sanpedrok jantzi zuten liderraren elastiko berdea.
Eguraldi hotza eta bustia egin zuen. Elurrak ere zuritu zituen Otarre eta Urnobitza inguruak, eta elurretan edota erabat lokaztutako lurretan aurrera egin behar izan zuten korrikalariek. Lasterketa hasi baino ordubete bat aurretik bota zuen kaskabar erauntsia ikusita, baina, pozik ziren antolatzaileak, lasterketak iraun zuen denboran ateri-antzean eutsi ziolako eguraldiak. Nolanahi ere, eragin zuen zapatuko eguraldiak parte-hartzean. 300 korrikalari zeuden izena emanda lasterketa luzerako esaterako, baina azkenean, 230ek parte hartu zuten, 213 gizonezkok eta 17 emakumezkok. Gure ordezkarien artean Ioritz Conde eta Mayi Mujika elgoibartarrek egin zuten denborarik onena. Lehenengo mendaroarraren saria, berriz, Ander Gorostegik jaso zuen gizonezkoetan eta Maite Maiorak emakumezkoetan. Lizarpetik Gaintxipixarako kronoigoeran, bestalde, Jose Miguel Hernando eta Onditz Iturbe izan ziren azkarrenak, 03:23 eta 04:14ko denborekin hurrenez hurren.
• Lasterketa motza
Izena emandakoak baino sei korrikari gutxiagok jokatu zuten zapatuan Kilimon Trail motza, 11 kilometroko lasterketa: 144k. Ibilbidea, berria zen aurten. Izan ere, pinadiak bota berri zituzten orain arteko ibilbidean eta luperiak ere izan direnez, bidea aldatu beharra izan dute antolatzaileek. Gustura ziren, hala ere, aldaketarekin, korrikariek egindako balorazioak entzunda. Lasterketari dagokionez, Jon Baz muskiztarra nagusitu zen gizonezkoetan eta Eztitzen Duque portugaletearra emakumezkoetan, 53:34 eta 1:10:05eko denborak eginda hurrenez hurren.
Gizonezkoetan, Aingeru Sainz galdakaoztarrak (55:00) eta Ibai Angulo azpeitiarrak (55:20) osatu zuten podiuma, eta emakumezkoetan, Ainhoa Caporossi zumaiarrak (1:14:44) eta Itziar Amutxastegi durangarrak (1:16:16). Gure ordezkarien artean bi mendaroarrek egin zuten denborarik onena: Eneko Salegik gizonezkoetan (1:04:37) eta Myriam Martinek, emakumezkoetan (1:47:35).
ARGAZKI-BILDUMA: X. Kilimon Trail lasterketa
∞ Lotura duten albisteak:
- Euskal Herriko eta nazioarteko mendi lasterkari onentsuenak lehiatuko dira Kilimon Trail mendi-lasterketan (2022-03-30)
- Ander Iñarra eta Maite Maiorak irabazi dute Kilimon Trail mendi lasterketa (2019-04-06)
- Euskal Koparako puntuagarria izango da zapatuan Mendaron jokatuko duten Kilimon Trail mendi-lasterketa (2019-04-03)
- Bartlomiej Przedwojewski poloniarra eta Vanessa Pelaez andoainarra nagusi Kilimon Trail mendi lasterketan (2018-04-15)
- Bi ibilbide izango ditu Kilimon Trail mendiko lasterketak, motza eta luzea (2018-03-28)
- Julen Larruzea eta Maite Maiora gailendu dira zazpigarren Kilimon Trail lasterketan (2017-04-10)
- Walter Becerra eta Virginia Perez nagusi Kilimon Trail lasterketan (2016-04-10)
- Aitor Osa eta Maite Maiora gailendu dira Mendaroko Kilimon Trail mendi lasterketan (2015-04-13)