Luntxa eta kontzertua Aita Agirreko Kultur Kafearen irekieran

Barren.eus 2023ko ira. 14a, 08:19

Uztail bukaeratik itxita egon den Aita Agirre eraikineko Kultur Kafeak bariku honetan, irailak 15, zabalduko ditu ateak berriro, kudeatzailez aldatu eta gero.

Esleipendun berria Iria Andrade gazte elgoibartarra izango da, eta luntx batekin eta kontzertu batekin hasiko du bere ibilbidea, bariku arratsaldean. Azken asteetan taberna egokitzen aritu da eta barikuan 19:30ean zabalduko dute Kultur Kafea, luntx batekin. Gero, 21:00etarako kontzertua iragarri dute. Aitor Asenjo eta Danel Legorburu musikari elgoibartarren emanaldiak girotuko du irekiera. Horrez gain, hilabete honetan Arturo Andraderen lanekin osatutako erakusketa egongo da ikusgai tabernan. 

Kultur Kafearen ustiatzaile berriak 3.708,00 euroko (BEZik gabe) urteko kanona ordaindu beharko du zerbitzua kudeatzeagatik. Bi urteko prestazioa izango du, ondoren beste bi urtez luzatu ahal izango dena. Andraderen proposamenari jarraiki, zerbitzuaren funtzionamendu normalerako behar dituen produktuak eta artikuluak erosteaz eta saltzeaz gain, bezeroei kalitatezko zerbitzuak eta produktuak eskainiko dizkie.

Horretarako, besteak beste, gosari eta pintxoak eskainiko ditu egunero eta afariak asteburuetan (ostirala eta larunbata).
Tabernaren ordutegia honako hau izango da:

  • Astehelena, itxita.
  • Asteartetik ostegunera, 8:00etatik 22:00etara.
  • Ostirala, 8:00etatik 01:30era.
  • Larunbata, 9:00etatik 01:30era.
  • Igandea, 9:00etatik 15:30era. Arratsaldetan, itxita.

2023 09 14 kultur kafea kontzertua asenjo legorburu

 • Kultur jarduerak, hilean behin
Taberna honen berezitasun nagusiena da hilean behin kontzertu bat edo ikuskizun eszeniko bat eman beharko duela, "Kultur Kafearen filosofiari jarraipena emateko, gutxienez hilean behin, kontzertu bat eta mota desberdineko ekitaldi/ikuskizun/kontzertu/kultur-jarduera… antolatuko ditu, Kultur Kafea elgoibartarrentzat topagunea izan dadin eta formatu txikiko kultur-ekitaldien bitartez, Elgoibarko nortasuna eta sorkuntza bultzatzen jarrai dezan", adierazi dute Udaletik.

 

∞Lotura duten albisteak: