Joseba Quintas Romerok kudeatuko du Aita Agirreko Kultur Kafea

Barren.eus 2021ko uzt. 30a, 15:52

Hiru eskaintza jaso ditu Udalak Aita Agirreko Kultur Kafea ustiatzeko martxan jarri zuen lizitazio prozesuan, eta Joseba Quintas Romerok aurkeztutakoa aukeratu dute.

Elgoibarko Udalak esleitu du Aita Agirreko Kultur Kafea uztiatzeko lizitazioa. Jakitera eman dutenez, hiru lizitatzailek aurkeztu dituzte proposamenak eta balorazio tekniko-ekonomikoa egin ostean, Joseba Quintas Romerok aurkeztutakoa izan da "proposamen onena". Lizitazioa eskuratu ostean, taberna zerbitzua ustiatzeko bi urterako kontratua sinatuko du Udalarekin, eta kontratu hori beste bi urtean luzatzeko aukera izango du. Urteko kanona, kudeatzaileak Udalari ordaindu beharko diona, 6.600 eurokoa izango da (BEZ gabe). Joan den maiatzaren 21etik itxita dagoen taberna-kafetegia abuztu erdialdera zabalduko dutela aurreratu dute.

Quintas Romeroren proposamenean jasotakoaren arabera, ohiko funtzionamendurako behar diren produktuak eta artikuluak erosi eta saltzeaz arduratzeaz gain, "kalitatezko zerbitzu eta produktuak" eskaini beharko dizkie bezeroei. Horretarako, adibidez, anoez, pizzez, ogitartekoez, hanburgesez… osaturiko janari gutuna aurkeztu du, eta gutun hori sei hilabetero aldatuko du. Era berean, enkarguzko menuak, egunerokoak edota asteburuetakoak eskainiko ditu, baita ekitaldi eta festetarako menu bereziak eta eramateko janaria ere. Horrez gain, arreta berezia eskainiko dio garbiketari, desinfekzio lanak eginez.
Tabernaren ordutegia ondorengoa izango da:

  • Astelehenetik ostegunera: 7:00-9:00 bitartean irekiko da eta 22:00etan itxi.
  • Ostiral eta larunbatetan: 7:00-9:00 bitartean irekiko da eta 1:30ean itxi.
  • Igande eta jaiegunetan: 9:00-11:00 bitartean irekiko da eta 22:00etan itxi.

Era berean, zerbitzurik egokiena bermatzeko ostalaritzan esperientzia duen lan talde profesional batez lagunduta egongo da esleipenduna. Taberna honen berezitasun nagusiena da hilean behin kontzertu bat edo ikuskizun eszeniko bat eman beharko duela, "Kultur Kafearen filosofiari jarraipena emateko, gutxienez hilean behin, kontzertu bat eta mota desberdineko ekitaldi/ikuskizun/kontzertu/kultur-jarduera… antolatuko ditu, Kultur Kafea elgoibartarrentzat topagunea izan dadin eta formatu txikiko kultur-ekitaldien bitartez, Elgoibarko nortasuna eta sorkuntza bultzatzen jarrai dezan", adierazi dute Udaletik.

2021 07 30 aita agirre kulturkafea sarrera

∞Lotura duten albisteak: