Iria Andrade izango da Aita Agirreko Kultur Kafeko kudeatzaile berria

Barren.eus 2023ko uzt. 12a, 15:00

Aita Agirreko Kultur Kafea ustiatzeko lizitazio prozesua martxan jarri zuen Elgoibarko Udalak, eta Iria Andrade gazte elgoibartarrak aurkeztutakoa aukeratu dute.

Elgoibarko Udalak esleitu du datozen urteetarako ustiapen-kontratua. Esleipendun berria Iria Andrade izango da eta bi urteko prestazioa izango du, ondoren beste bi urtez luzatu ahal izango dena, bi aldeek hala adostuz gero. Urteko kanona, kudeatzaileak Udalari ordaindu beharko diona, 3.708 eurokoa izango da (BEZik gabe), eta lokalaren gastuak bere gain hartuko ditu. Aurreko esleipenean 6.600 eurokoa zen kanona, baina Udalak ordaintzen zituen gastuak, argindarra eta ura, besteak beste.

Udaletik jakinarazi dutenez, esleipendun berria abuztuaren erdialdean hasiko da lanean, baina irailaren 15era arte ez du zabalduko jendearentzat. "Zerbitzurik onena eskaintzeko egokitzat jotzen dituen egokitzapen guztiak egin ondoren", zehaztu dute Udaletik. Beraz, Kultur Kafea jendearentzat itxita egongo da abuztuaren 15etik irailaren 15era bitartean.

Iria Andradek aurkeztu duen proposamenean, zerbitzuaren funtzionamendu normalerako behar dituen produktuak eta artikuluak erosteaz eta saltzeaz gain, bezeroei "kalitatezko" zerbitzuak eta produktuak eskainiko dizkiela dio. Horretarako, besteak beste, gosari eta pintxoak eskainiko ditu egunero eta afariak asteburuetan (barikua eta zapatua).


Tabernaren ordutegia honako hau izango da:

  • Astelehenetik eguenera: 07:00etatik 09:00etara irekiko du, eta 22:00etan itxi.
  • Bariku eta zapatuetan: 7:00etatik 9:00etara ireki, eta 1:30ean itxi.
  • Domeketan eta jaiegunetan: 9:00etatik 11:00etara irekitzea eta 22:00etan ixtea.


Era berean, zerbitzurik egokiena bermatzeko ostalaritzan esperientzia duen lan talde profesional batez lagunduta egongo da esleipenduna. Taberna honen berezitasun nagusiena da hilean behin kontzertu bat edo ikuskizun eszeniko bat eman beharko duela, "Kultur Kafearen filosofiari jarraipena emateko, gutxienez hilean behin, kontzertu bat eta mota desberdineko ekitaldi/ikuskizun/kontzertu/kultur-jarduera… antolatuko ditu, Kultur Kafea elgoibartarrentzat topagunea izan dadin eta formatu txikiko kultur-ekitaldien bitartez, Elgoibarko nortasuna eta sorkuntza bultzatzen jarrai dezan", adierazi dute Udaletik.

∞Lotura duten albisteak: