Itxita dago Aita Agirre Kultur Kafea, kudeatzaileak galera ekonomikoak arrazoituta zerbitzua lagatzea erabaki ostean

Barren.eus 2021ko mai. 27a, 08:56

Aita Agirre Kultur Kafeko kudeatzailea izan den Noel Isasik joan zen maiatzaren 11n jakinarazi zion Udalari zerbitzua kudeatzeari lagatzeko asmoa zuela, galera ekonomikoak arrazoituta, eta hilaren 21ean itxi zuten taberna.

Joan zen barikuan izan zuen azken eguna Aita Agirre Kultur Kafeak, eta ordutik, itxita dago. 2019ko abenduaren 12an zabaldu zuten Kultur Kafea. Udalak lehiaketa publikoa egin zuen taberna zerbitzua esleitzeko, eta bigarren deialdian aukeratu zuten Noel Isasiren proposamena. Bi urterako kontratua sinatu zuten. Kontratu horren barruan, 7.272,1 euro ordaindu behar zituen kudeatzaileak urtero, eta, besteak beste, hilean kultur ikuskizun bat antolatu behar zuen. Udaletik jakinarazi dutenez, galera ekonomikoak arrazoitu zituen Isasik Kultur Kafea uzteko asmoaren berri eman zienean, joan den maiatzaren 11n. "Bi urterako itxia zuen kontratua hilabeteko epean bertan behera lagatzeko eskaera egin zuen esleipendunak. Horren aurrean, Udala hainbatetan batu da esleipendunarekin, baina erabakia bere horretan mantendu du", azaldu dute. Udaletik zehaztu dute pandemiaren eraginari aurre egiteko herriko ostalari guztientzako Udalak bultzatutako neurri eta onura guztiak aplikatu zaizkiola Aita Agrre Kultur Kafeari ere: "tasen hobariak, bonoak, laguntza zuzenak, eta kanona ere ez zaio kobratu".

 • Esleipena abian
Elgoibarko Udaleko arduradunek jakinarazi dute berriz ere esleipena abian jartzeko prozedura abiatu dutela Udal barruan, eta ahalik eta denbora murritzenean kultur kafea berriro zabaltzeko helburua dutela.

∞Lotura duten albisteak: