24 milioi euroko aurrekontu proposamena egin du Elgoibarko Udal Gobernuak, 2023koa baino %24 handiagoa

Barren.eus 2023ko aza. 20a, 11:34

Inoizko aurrekonturik altuena aurkeztu du 2024rako Elgoibarko Udal Gobernuak: 24.065.643 eurokoa, hain zuzen, 2023koa baino %24,87 handiagoa, alegia, 4.796.520 euro gehiago.

2024. urterako udal aurrekontuen proposamena aurkeztu dute Elgoibarko Udal Gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk: Maialen Gurrutxaga alkateak, Atsegin Uzuriaga Ogasun zinegotziak eta PSEko zinegotzi Ariana Nogalesek. Gehiengo osoa dutela kontuan hartuta, proposamen hori da, ezuste handirik ez bada, aurrera irtengo dena datorren azaroaren 28ko udalbatzarrean, aurrekontuak landuko baitituzte bilkura horretan. Udal Gobernuak jakinarazi du ahalik eta adostasun handienarekin onartu nahi dituztela. "Udal Gobernuak azaroaren 8an helarazi zien aurrekontu proposamena Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei, eta behin betiko proposamena Antolakuntza Batzordean landuko da, hainbat bileratan", zehaztu dute.

Aurrekontu proposamenaren inguruko hainbat zehaztasun aurreratu ditu Udal Gobernuak. Nabarmendu dutenez, Gizarte Zerbitzuen partida % 94 baino gehiago handitu dute, eta inbertsioetan, King Kongeko zubiaren eraberritzearekin eta Errezabal egoitzako aparkaleku eta urbanizazioarekin batera, Artekaleko igogailua edo Sigmako bizilagunei etxebizitza-blokeetan igogailuak jartzeko aurreikusitako dirulaguntzak aipatu dituzte.
Aurrekontuak izan duen %24ko gehikuntza hori diru-sarreren (dirulaguntzak eta Foru Funtsaren ekarpena) eta inbertsioen atalean gertatu da bereziki. Gastua handitu egingo da, batez ere langileen ordainsariei, hornidurei eta zerbitzuen eta kontratuen kostuei dagokienez. Honela banatzen da:

  • Langilegoa: 5.372.893,01 € (%22,35)
  • Gastu arruntak: 9.836.611,27 € (% 40,89)
  • Transferentziak (dirulaguntzak): 3.071.637,90 € (% 12,77)
  • Inbertsioak: 4.530.565,68 € (% 18,80)
  • Kapital-transferentziak (erakundeen arteko diru-laguntzak): 1.232.125,55 € (% 5,12)
  • Finantza-aktiboak: 11.000 € (% 0,05)

Udal-egitura kontuan hartuta, honela banatu dute aurrekontua:

  • 7.312.712,74 € (% 30,40) Herritartasuna: komunitatea sortzeko, herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko eta sinergia berriak sortzeko proiektuak eta inbertsioak.
  • 11.281.152,78 € (% 43,33) Lurraldea: Urbanizazioa, mugikortasuna, irisgarritasuna eta hiri-paisaiaren hobekuntza.
  • 5.461.777,89 € (% 22,70) Antolaketa: udal-zerbitzuak.

 

 • Inbertsioetara ia 4.530.665,68 euro bideratuko dituzte, % 68,48 gehiago
Elgoibartarrei udalerri irisgarriagoa eta azpiegitura eta zerbitzu egokiak eskaintzeko helburuarekin, "inbertsio estrategikoei" jarraipena emateko asmoa dutela adierazi dute. Ia 4.530.665,68 euro, 2023an baino % 68,48 gehiago (2.750.297,90 euro) bideratuko dituzte inbertsioetara. Hauek dira inbertsio nagusiak:

  • King-Kong zubia eraberritzeko lanen bigarren zatia – 756.656,23 €
  • Artekaleko eskailera mekanikoak ordezkatzeko igogailua eraikitzea – 300.000 €
  • Sigma auzoko etxebizitzen irisgarritasuna hobetzeko dirulaguntzak – 1.232.125,55 €
  • Errezabal zahar etxean aparkaleku publikoa eraikitzea – 1.541.000 €
  • Higiezinetan konponketa lanak – 422.000 €
  • Bide publikoak egokitzea – 410.000 €
  • Kirol instalazioen hobekuntzak egitea – 533.709,45 €
  • Ingurumena – Agenda 2030 – 160.000 €
  • Parkeak eta lorategiak hobetzea – 405.000 €

Hirigintzaren arloan, 3.754.978,73 euroko aurrekontua bideratu nahi dute hirigintza-plangintzarako, hau da, %74,13ko igoera izango luke. Proiektu aipagarrien artean, Errezabal zahar etxean aparkaleku publiko bat eraikitzea dago, 1.541.000 euroroko aurrekontua duena. Errezabal 2024ko erdialdean eraikitzen hastea aurreikusten dute. Horrez gain, 200.000 euro bideratuko dituzte Herri Eskolako aurrealdea birgaitzeko lanetara. Tokiko elkarteei 124.000 euroko laguntza emango diete euren lokalak zaharberritzeko.
Lan teknikoetarako 347.000 euroko diru poltsa bideratuko dute, besteak beste, honako proiektu hauek gauzatzeko: San Lazaro eraikina eraberritzea etxebizitza sozial bihurtzeko, anbulatorio berriari lotutako Kalebarren plaza urbanizatzeko, Sallobenteko ur-hornidura, hilerriaren hego-ekialdea egonkortzea, Urazandiko igogailu-proiektua, Herri Eskolako fatxada eta kanpoko atikoa zaharberritzea, Albitsurin oinezkoentzako bidea egitea, eta Olaizagako igerileku zaharra lehengoratzeko proiektua.
Bide publikoen egokitzapenetara bideratutako aurrekontuak % 105eko igoera izan du, 410.000 euroko inbertsioa orotara, besteak beste, San Antolinen oinezkoentzako igarobidea egiteko eta Errezabal egoitzaren ondoan urbanizazio lanak egiteko.

 •  Laguntzak, sailez sail

  • Kulturarako aurrekontua 1.153.209,12 eurokoa da, aurtengoa baino % 6,56 handiagoa. Horrek barne hartzen du Herriko Antzokia kudeatzeko lizitazio berri bat, % 100eko igoerarekin eta % 15,78ko hazkundearekin Auzoetako Jaietan, batez ere gaueko autobus zerbitzuan aurreikusten diren inbertsioaren ondorioz.
  • Berdintasun Sailerako aurrekontua % 7,68 haziko da, 137.642 euroko inbertsioarekin, 14.000 euroko berdintasun-plan berri bat barne, eta %40ko gehikuntza berdintasuna sustatzeko dirulaguntzetan, 7.000 eurora iritsiz. Garrantzitsua da nabarmentzea, esleipen orokor horretaz gain, emakume-elkarteek 6.000 euroko berariazko finantzaketa-lerroa dutela, eta, beraz, elkarte horietarako erabilgarri dauden funtsak 13.000 eurokoak dira guztira, “erakundeak genero-berdintasuna sustatzeko eta horrekin lotutako ekimenak babesteko duen konpromisoa berretsiz”.
  • Euskararen arloan 475.859,67 euro esleituko dituzte guztira; % 7,20ko hazkundea 2023koarekin alderatuta. Euskaltegirako aurrekontua % 34 haziko da eta euskara sustatzeko plana % 17,19. Gotzon Garate Liburutegiak 151.599,48 euroko inbertsioa jaso du, % 5,05eko igoerarekin.
  • Hezkuntzaren arloan 60.000 euroko partida bideratu dute, hau da, % 33,33ko igoera haurtzaroarekin, nerabezaroarekin eta gaztaroarekin lotutako proiektuetarako. Gainera, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneari bideratutako funtsak % 7,50 handitu dituzte.
  • Gazteriara 570.577,58 euro bideratu dituzte, % 1,93 gehiago. 15.000 euroko partida bat sartu da hezkuntza-proiektuetarako, % 20 Hezkuntza Mahaitik eratorritako proiektuetarako, eta, horrez gain, % 33,33 gehitu dira haur, nerabe eta gazteentzako jarduerak.
  • Ingurumenaren arloan, 160.000 euro bideratu dituzte guztira, % 220ko gehikuntzarekin, Agenda 2030, klima- eta energia-plana eta lurrak erosiz ingurune naturala birnaturalizatzea barne.
  • Azkenik, parke, lorategi eta kirol-instalazioen eremuetan 405.000 euro eta 533.709,45 euro bideratuko dituzte, hurrenez hurren. Horren barruan sartzen dira Mintxetako argiteria-sistema hobetzeko proiektuak, Olaizaga kiroldegiko estalkia berritzea eta etorkizunean kirol-instalazioak handitzeko proiektuak garatzea, hala nola pump truck pista bat.

 • Gizarte Ongizatearen arloa % 6,56 igo da
Errezabal guneko inbertsioetarako aurrekontua kontuan hartuta, gizarte-zerbitzuen arloko aurrekontua 3.374.389,09 eurokoa da, hau da, % 94.14 igo da. Baina sailaren programa edo baliabide propioei dagokienez, aipatu behar da igoera handia izan dela gizarte-larrialdietarako laguntzetan (240.000 euro), % 20ko gehikuntza izan baitu; etxez etxeko laguntza-zerbitzuan, 310.000 euroko aurrekontua izan baitu ( % 16,67ko igoera izan du); edo gizarte-zerbitzuen arloan lan egiten duten hirugarren sektoreko elkarteentzako laguntzetan, 2024ko ekitaldian 28.000 euroko aurrekontua izan baitu. “Gure komunitateak osatzen duen aniztasunari erantzun nahi diogu, mendekotasun, bakardade, bazterketa, pobrezia, mendekotasun, indarkeria matxista eta abarren aurrean daudenei laguntza eskainiz. Horregatik guztiagatik, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei arreta hobea emateko protokolo berri bat egingo dugu, 15.600 euroko aurrekontuarekin, egoitza-bazterketa larrian dauden pertsonentzako neguko harrera-zerbitzua ematen jarraituko dugu, 45.000 euroko aurrekontuarekin, eta, jakina, egoera ahulean dauden adineko guztiei arreta ematen jarraituko dugu, ke-detektagailuak eta zahartze aktiborako programak bezalako programen bidez, eta adinekoentzako autonomia sustatzeko zentroa bezalako zerbitzuak indartuz edo zerbitzu berriak sortuz, hala nola etxez etxeko laguntza-zerbitzua jasotzen duten pertsonentzako etxean psikoestimulatzeko programa, 90.000 euroko aurrekontu-sailarekin, eta partida hori % 43 handitu da aurreko urtearekin alderatuta (63.000 euro)”, adierazi du Gurrutxagak.

∞Lotura duten albisteak: