Komun publikoa bere kokagunean ipini aurretik Aldundiko Mugikortasun sailarekin eta Eibarko Udalarekin adostu behar zituzten zenbait gai, kolektora bideratzeari buruzkoak batez ere, baina non ipini behar zuten argitzea ere falta zen. Elgoibarko Udalak bidegorriaren hasieran jarriko zutela jakinarazi zuen 2021eko ekainean, baina azkenean Maltzagan ipiniko dute, bi herrien artean. Izan ere, Eibarko eta Elgoibarko Udalek hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ekipamendu hau Maltzaga inguruan jartzeko. Obra zibila eta komuna ipintzea Eibarko Udalaren kargu izango dira. Eibarko Udalak jakitera eman duenez, lizitazioa zabalik dago. Proiektuak urtarrilaren 12ra arte aurkez daitezke. Aurrekontua 96.768,66 eurokoa da (BEZa barne) eta gauzatzeko epea zortzi astekoa. Bestalde, Elgoibarko Udalaren kontura izango da ekipamenduaren hornidura, dagoeneko egina daukana.
Eibarko Udalak bankuak ere jarri zituen Maltzagan, eta komun autogarbigarria ere inguru horretan ipiniko dute. Gainera, azken asteetan bideko argiztapen- eta argiteria-sarea instalatzen dihardute Maltzaga eta Andikano artean. Joan den irailean hasi zituzten lanak urtarrilaren amaierarako bukatuta egotea aurreikusten du Elgoibarko Udalak.
∞Lotura duten albisteak:
- Bidegorrian argiak jartzeko lanak hasiko dituzte (2023-09-25)
- Elgoibar-Eibar bidegorria argiztatzeko 567.916 euro bideratuko ditu Aldundiak (2023-01-25)
- Inauguratu dute Elgoibar eta Eibar gehiago lotuko dituen bidegorri zatia (2021-12-30)
- Bikefriendly saria jaso du Eibar-Maltzaga bidegorriak, 'Bizikleta azpiegitura' kategorian (2021-07-02)
- Bidegorriak: bata prest eta gehiago bidean (2009-09-17)
- Hasi dira Maltzaga eta Andikano arteko bide gorria egiteko lanak (2009-03-24)