Bidegorrian argiak jartzeko lanak hasiko dituzte

Barren.eus 2023ko ira. 25a, 08:21

Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorri zatia argiztatzeko lanak hasiko ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak.

2009an inauguratu zuten Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorri zatia, gero, 2020ko abenduan Eibar arte luzatu zutena. Maltzaga eta Eibar arteko zatia ireki zutenean agindu zuten agintariek Andikano eta Maltzaga arteko bide zatia argiztatuko zutela, Maltzagatik Eibar arteko zatia argiztatuta baidago. Urte hasieran lanok apirilean hasi eta abuzturako bukatuta egongo zirela jakinarazi zuten arren, gaur hasiko dituzte bidegorria argiztatzeko lanak. 600.000 euroko aurrekontua izango dute eta lau hilabete inguruan bukatzea aurreikusten dute. Elgoibarko Udaletik zehaztu dute behin baino gehiagotan eskatu diotela Aldundiari argiztapena ipintzeko, "eta, azkenean, gauzatu egingo da".

Bidegorria argiztatzea "ezinbesteko" lana dela adierazi dute Elgoibarko Udaleko arduradunek, bidegorria gehiago erabili ahal izateko eta herritarren segurtasuna bermatzeko, "bereziki genero-ikuspegitik begiratuta, bidegorria erabiltzen duten emakumeen segurtasuna bermatzea baita obra honen helburua". Bidegorriaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanok "betaurreko moreak jantzita" egingo dituztela esan zuen Rafaela Romero Mugikortasun diputatuak ere.

• Zaharrak berri komun publikoari dagokionean
Bidegorria argiztatzeko lanen berri ematerakoan, Aldundiak ez du komun publikoa jartzeari buruzko berririk eman. Gogora ekarri behar da Elgoibarko Udalak. 2021. urtean lizitaziora ere atera zuela Santa Ana kalearen amaieran, Elgoibar eta Eibar arteko bidegorria hasten den lekuan, komun auto-garbigarri bat jartzeko kontratua. Komuna Elgoibarren dago, Udalak gordeta dauka, baina ipini aurretik Aldundiko Mugikortasun sailarekin eta Eibarko Udalarekin adostu behar dituzte zenbait gai. "Jada jasota daukagu komuna eta bere kokalekuan ipintzeko zain gaude, baina Eibarko Udalak eta Mugikortasun sailak oraindik ez dituzte pausoak eman kolektorera bideratzeko. Aurrera-pausuak emateko ahaleginean jarraitzen dugu", azaldu zuten Udaletik urte hasieran.

∞Lotura duten albisteak: