Inauguratu dute Elgoibar eta Eibar gehiago lotuko dituen bidegorri zatia

Barren.eus 2020ko abe. 30a, 11:54

Azitain-Maltzaga bidegorri zatia egiteko lanak amaituta daude, eta herritarrek izan dute Elgoibar eta Eibar batzen dituen lotura berria probatzeko aukera, azken egunetan zabalik egon baita. Agintariek gaur inauguratu dute.

Hainbat hilabetetako atzerapenaren ostean, 2019ko azaroan hasi zituzten Azitain-Maltzaga bidegorria egiteko lanak, Eibar eta Elgoibar lotu dituen 2,1 kilometroko oinezkoentzako eta bizikletentzako bidegorri-tartea. Hortaz, aurreikusita zuten moduan, urtebetez luzatu dira 5,1 milioi euroko aurrekontua izan duten lanak. Elgoibarren jada eraikita dagoen 2,2 kilometroko Elgoibar-Maltzaga bidegorri-zatiarekin bat egin du Eibar-Maltzaga bidegorri zatiak, eta konplexutasun handikoak izan dira lotura hori gauzatzeko lanak, alde batetik Ego ibaia eta, bestetik, Deba ibaia eta GI-627 errepidea gurutzatzen dituzten bost pasabide –horietako bi 80 metrotik gorakoak– eraiki behar izan dituztelako. Jakinarazi dutenez, hiru metro inguruko zabalera du bide berriak ibilbidearen zati handi batean.

Bidegorriak egun batzuk daramatza zabalik eta herritarrek izan dute probatzeko aukera. Gainera, Eibar arterako zatiaren irekierak bat egin du Andikano eta Maltzaga arteko bidegorriaren azken zatiaren irekierarekin. Izan ere, Euskal Trenbide Sareak menditik erortzen diren harriak gelditzeko txapel edo tunel faltsu bat egiteko lanak hasi zituen joan den ekainean Karakateko tunelaren irteeran, eta ordutik itxita egon da bidegorriaren azken zatia. Obrak oraindik amaitu ez dituzten arren, duela egun batzutatik zabalik dago bidegorria.

Agintariek bizikleta gainean igota inauguratu zuten Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorri zatia, 2009an. Gaurko inaugurazio ekitaldian nahiago izan dute oinez ibili eta, Eibarrek eta Elgoibarrek bat egiten duten zatian ibili dira oinez metro batzuetan. Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok; Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerok; Eibarko alkate Miguel de los Toyosek; Elgoibarko alkate Ane Betiak; Mugikortasuneko Foru Zuzendari Iñaki Pregok eta Debabarreneko Esperientzia Eskolako ordezkariek hartu dute parte ekitaldian. Paseoa amaitutakoan Maltzagako tunelaren alboan okasiorako ipini duten karpan egin dituzte adierazpenak agintariek.

Obra hau "jauzi kualitatibo garrantzitsua" dela esan du Markel Olanok, eskualdeko bidegorri sarea amaitzen dutelako. "353 kilometrorekin, Gipuzkoa Euskadiren eta Estatuaren buruan jartzen da", adierazi du.

Lanak garaiz amaitzearen garrantzia ere azpimarratu du Olanok: "Bizi garen garaietan, oso pozgarria da Debabarreneko herritarren eskaera historiko honi erantzutea, hau da, Eibar eta Elgoibar bidegorri batekin lotu ahal izatea eta egin duten eskaera historiko horri erantzutea. Izan ere, Debabarrenako bi udalerri nagusietakoak dira, baina baita Gipuzkoa osokoak ere. Hori dela eta, azpiegitura honek gure lurraldea egituratzen eta kohesionatzen laguntzen du”.

Rafaela Romerok jakitera eman duenez, Azitain-Maltzaga bidegorria jardunbide egokien adibide gisa proposatu dute Europar Batasunean. "Horrek ikuspegi berritzaileak aplikatzearen onarpena dakar, legeria betetze hutsa gainditzen baitute eta argi eta garbi erakusten baitituzte herritarrentzako onurak", esan du. Jarduketa horrek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren baterako finantzaketa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 EGEF programa operatiboaren esparruan. Izan ere, aurten Europatik itzuli du bidegorria eraikitzen inbertitu den diru guztia.

 • Argiztapena eta ko,un publikoa Elgoibarko zatian

Ane Beitiak esan du erronka bat izan dela bidegorri hau egitea. "Behin eta berriro eskatu izan dugu Elgoibartik Maltzagara arte egina geneukan bidegorria Eibarrekin edo beste herriren batekin elkartzea, onurak baino ez dizkigu ekarriko-eta. Guk Eibarrekin beti eduki dugu lotura, eta aurrerantzean oinez egin ahal izateko lotura ere bai", azaldu du Elgoibarko alkateak. Bidegorria luzatzeaz eta Eibarrekin lotzeaz gainera, elgoibartarentzako beste onura bat ere iragarri du Beitiak, Andikanotik Maltzagara arteko zatian argiak jarriko dituztela, hain zuzen ere. Era beean, argiztapen publikoaz gainera, bidegorriaren hasieran komun publiko bat ere ipiniko du Elgoibarko Udalak, "eskaerei erantzunez". Ane Beitiak Esperientzia Eskolako kideei eta Aldundiari eskerrak eman dizkie, proiektu hau mahai gainera ateratzeagatik eta gauzatzeagatik, hurrenez hurren. Alkateak gaineratu du bidegorriaren adarrak inguruko herri gehiagotara zabaltzea izango dela hurrengo pausoa.

 • Ibilbidean arriskugune bat
Esan moduan, Eibarko eta Elgoibarko hainbat herritar joan dira oinez edo bizikletan herri batetik bestera azken egunetan, eta hainbatek adierazi dute arriskugune bat duela ibilbide berriak, autopistako bidesarirako sarrera-irteeran, hain justu ere. Izan ere, bidegorriak Azitaingo biribilgunea gurutzatzen du puntu horretan, zebrabide baten bidez. "Puntu beltz hori saihesteko zubiaren azpitik pasabide bat eraikitzeko aukerarik ez al dago? Denon segurtasunaren izenean, eta inork gertatu nahi ez duen istripu bat izan aurretik irtenbide bat aldarrikatzen dugu", adierazi zuen orain egun batzuk Edu Uribe elgoibartarrak bere blogean.

2020 12 30 bidegorria inauguratu zubian agintariak maltzaga eibar elgoibar barren

2020 12 30 bidegorria inauguratu maltzaga eibar elgoibar barren

2020 12 30 bidegorria inauguratu agintariak maltzaga eibar elgoibar barren

2020 12 30 bidegorria inauguratu maltzaga eibar elgoibar barren agintariak1

2020 12 30 bidegorria inauguratu maltzaga eibar elgoibar barren anebeitia

2020 12 30 bidegorria inauguratu maltzaga eibar elgoibar barren esperientziaeskola

2020 12 30 bidegorria inauguratu maltzaga eibar elgoibar barren erabiltzailea

2020 12 30 bidegorria inauguratu maltzaga eibar elgoibar barren zubianagintariak

2020 12 29 bidegorria eibar maltzaga zubia

2020 12 29 bidegorria eibar maltzaga k

2020 12 30 bidegorria inauguratu maltzaga eibar elgoibar barren b

Lotura duten albisteak: