Maltzaga eta Eibar arteko bidegorrian argiztapena jartzeko lanek 567.916 euroko aurrekontua izango dutela jakinarazi du Rafaela Romero buru duen departamentuak, eta apirilean hastekoak dira lanean, abuztu alderako amaitzeko. Izan ere, lau bat hilabeteko lana izango dutela aurreikusi dute.
Bidegorriaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko lanok "betaurreko moreak jantzita" egingo dituztela esan du Rafaela Romero Mugikortasun diputatuak. "Ez dugu oztopo gehiagorik nahi bizikletaz edo oinez Gipuzkoako bidegorrien sarean berdintasunez ibiltzeko. Inola ere ez. Ez adinaren arabera, ez generoaren arabera, ez egoera fisikoaren arabera, ez gaitasun ekonomikoen arabera. Milioi eta erdi euro inguru inbertituko ditugu Eibar eta Elgoibar arteko bidegorrian eta Añorgako Donostia-Lasarte bidegorrian, horien irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko". Politika inklusiboek, inklusio eta irisgarritasun osoa bermatzen duten azpiegiturak eskaintzen dituztela gaineratu du Romerok, pertsona guztiek gozatu ahal izan ditzaten, "genero-ikuspegia kontuan hartzen duten hobekuntzei ekinez eta mugikortasuna ekitatiboki erraztuz edozein modalitatetan, txirrindularia edo oinezkoa izan, erabiltzailearen sexua edozein dela ere”.
Argiztapena jartzeko obraren inguruko xehetasunak ere eman ditu Aldundiak. Argiteria eta argiteria-zutabeak jarriko dituzte, eta horretarako, "lan handia" egin beharko dute linea elektrikoa ezartzeko Elgoibarko udalerritik gertuen dauden bidegorri-eremuetan, bidegorriaren zatirik zaharrenean, Maltzaga eta Andikano artean. Izan ere, ireki zuten azken zatian, Maltzaga eta Eibar artekoan badago argiteria. Alabaina, obra horiek aprobetxatu nahi dituzte azpiegitura osoaren instalazioa hobetzeko, eta, ondorioz, trazadura osoan segurtasuna hobetzeko.
• Bidegorriko komun publikoa, prest baina zain
Bidegorrian komun publiko bat jarriko zutela ere iragarri zuten Elgoibarko Udalak eta Aldundiak. Udalak. 2021. urtean lizitaziora ere atera zuen Santa Ana kalearen amaieran, Elgoibar eta Eibar arteko bidegorria hasten den lekuan, komun auto-garbigarri bat jartzeko kontratua. Udaletik jakinarazi dutenez, badute komuna, baina ipini aurretik Aldundiko Mugikortasun sailarekin eta Eibarko Udalarekin adostu behar dituzte zenbait gai. "Jada jasota daukagu komuna eta bere kokalekuan ipintzeko zain gaude, baina Eibarko Udalak eta Mugikortasun sailak oraindik ez dituzte pausoak eman kolektorera bideratzeko. Aurrera-pausuak emateko ahaleginean jarraitzen dugu", azaldu dute.