Mugertza krosaren 80. ekitaldia "denboraldiko kros onena" izango dela esan dute antolatzaileek

Barren.eus 2024ko urt. 3a, 16:16

Mugertza krosa ere "adinean" aurrera doa. 80. ekitaldia izango dena aurkeztu dute gaur antolatzaileek, eta lotu dituzten atletismoko izarrei esker, domekakoa "zalantzarik gabe" denboraldiko krosik onena izango dela esan du kroseko zuzendari Zigor Diezek.

Eta, ez dio gezurrik, beste urte batez krosen urrezko mailan egongo baita Mugertza krosa, World Athletics federakuntzak kros onenei ematen dien World Cross-Country Gold kategorian, hain zuzen ere. Emakumeen lasterketako parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek.

2024 01 03 mugertza krosa 80 aurkezpena udaletxean BARREN taldearg
 • Chebet, momentuko izarra eta munduko txapelduna
"Momentu honetan ez dago Beatrice Chebet (Kenya, 2000) baino atleta hobeagorik. Superizarrar bat da, aparta", Zigor Diezen berbetan. Egungo Munduko Kros Txapelduna izateaz gainera, 5 kilometroko distantzian ere munduko txapelduna da. Palmares hori osatzeko, baina, garaipen bat falta zaiola esan dio Diezek udaletxean egin duten aurkezpen ekitaldian. "Bi aldiz izan zara txapeldunorde Elgoibarren, 2020an eta 2022an. Aurten irabaztea tokatzen zaizu, ezta?", galdetu dio Diezek, eta baiezko borobil batekin erantzun dio Chebetek. Elgoibarko krosa irabaztea zer den badakien Edina Jebitok herrikidea izango du aurkari nagusietakoa. Jebitokek 2022ko Mugertza krosa irabazi zuen eta txapeldunorde izan zen 2023koan, jokatu den azkenekoan. "Sasoi betean" datorrela zehaztu du Diezek. Grace Loinbach Nawowuna (Kenya, 2003) da irabazteko aukerak dituen beste atletetako bat. Laugarren egin zuen iazko otsailean Australian jokatutako Munduko Kros Txapelketan, eta 2023an egindako lasterketetan hirugarren markarik onena du 10.000 metroko proban. "Beste biak baino ezezagunagoa den arren, kontuan hartzeko ibilbidea dauka". Mintxeta Atletismo Taldeko arduradunak Irene Sanchez-Escribanoren izena ere aipatu du aurkezpenean. Atleta espainiarrak zortzigarren postua eskuratu zuen iaz Europako Kros Txapelketan, eta Elgoibarrera etorri den guztietan daukan dena eman izan duela goraipatu du Diezek. "Barruan darama krosa, ageri agerikoa du maite duela krosa". Asmerech Anley etiopiar gaztea ere sartu du lasterketa irabazteko faboritoen multzoan, bost kilometroetako munduko errekorra baitu, 20 urtez azpikoen artean.

2024 01 03 mugertza krosa 80 aurkezpena udaletxean BARREN 3ak g

 • El Bakkali txapeldun olinpikoa faboritoa gizonezkoetan
Gizonezkoen lasterketan, beste behin ere, txapeldun olinpiko bat arituko da antxitxika Mintxetako zirkuituan. Soufiane El Bakkali marokoarrak urrezko domina irabazi zuen 3.000 metro oztopoetako lasterketan, Tokioko Olinpiar Jokoetan. Horrez gainera, bi alditan izan da proba horretako munduko txapelduna, 2022an eta 2023an. "Su geldoan eta lan asko eginda" lortu duten kontratazioa izan dela argitu du Diezek. "Abuztutik ibili gara bere atzetik eta Marokotik zuzenean etorriko da Elgoibarrera. Atleta aparta da, eta 3.000 metro oztopoetako munduko errekorra ontzeko aukerekin ikusten dut". Berihu Aregawi (Etiopia, 2001) izango du aurkari gogorrenetariko bat. Etiopiarra txapeldunorde izan zen 2023ko Munduko Kros Txapelketan, eta asfaltoan, munduko errekorra du bost kilometroko distantzian. Tokikoko Olinpiar Jokoetan laugarren egin zuen 10.000 metrokoan. Ishmael Kipkurui (Kenya, 2005) da gertutik jarraitu beharreko beste atleta bat, munduko kros txapelduna baita 20 urtez azpikoetan, eta kros zaleek badakite zer gertatu izan den azken urteetan atleta gazteekin Mintxetako zirkuituan. Joan den abenduan Eldoret krosa irabazi zuen bere herrialdean, Kenian, eta hori ez dago edonoren eskura. Italikako kros entzutetsuan ere laugarren egin zuen. Rodrigue Kwizera (Burundi, 1999) atletarengan ere badu esperantzarik Diezek. Zortzigarren postuan sailkatu zen Munduko Kros Txapelketan eta kros bat baino gehiago irabazi ditu azken aldian, izar handien aurka lehiatzea falta bazaio ere, Diezen ustetan. Adel Mechaal ere etorriko da berriro Elgoibarrera. Birritan Espainiako Kros txapelduna, meritu handiko hirugarren postua lortu zuen iaz, Selemon Barega handiak irabazi zuen 2023ko Mugertza krosean, "ikuskizun handia" emanez.

 • Errelebo bila
Krosaren 80. aldia merezi duen moduan antolatzea eta ospatzea izan dela euren helburua azaldu du Zigor Diezek, eta Udala, Aldundia eta Jaurlaritza moduko erakundeen, babesle pribatuen eta krosa antolatzen laguntzen duten boluntario guztien aportazioa "ezinbestekoa" dela esan du, guztiei eskerrak ematearekin batera. Era honetako nazioarteko kros bat antolatzeko sekretu bakarra lan egitea dela esan du. "Momentu gogorrak bizitzea ere egokitu zaigu, urte asko daramatzagu lan handia egiten, eta lantaldeko kide batzuek lagatzeko asmoa dutenez, errelebo bila gabiltza".
 • Ibilbide berdinak neska eta mutikoentzat
Guztira 10 herrialdetako 900 atleta arituko dira lehian adin tarte desberdinetako hamabi lasterketetan, 9:15etik aurrera. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, berdintasunerantz pauso berri bat eman dute eta neska eta mutil gaztetxoek egin beharreko ibilbideak berdindu dituzte behe mailetan; eta, aldea murriztu jubeniletatik aurrerako lasterketetan. ETB-1ek zuzenean emango ditu emakumezkoen eta gizonezkoen lasterketa nagusiak, 12:35etik aurrera emakumezkoena eta 13:15etik aurrera gizonezkoena.

 • Olatz Oñederarren kartela
Olatz Oñederra diseinatzaileak eginiko kartel-diseinuak iragarriko du aurtengo krosa, Mintxetakoek antolatutako kartel lrehiaketa irabazi eta gero. Gaur egin duten aurkezpenean eman diote saria.

2024 01 03 mugertza krosa 80 aurkezpena udaletxean BARREN olatz 2

 • Agintarien babesa
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak "harrotasuna" eta "ilusioa" berbak erabili ditu krosa azaltzeko. "Beti izan gara herri langilea, eta hainbat boluntariok egiten duten lanari esker, nazioartean ere ezagunak gara krosagatik. Eskerrak eman nahi dizkiet Mintxeta taldearen bueltako guztiei eta boluntarioei egiten duten lan handiagatik".
Ildo beretik, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari Jesus Gutierrezk esan du ez dagoela beste krosik herriaren "nortasuna eta arima" horren agerian lagatzen dituenik. "Oso kroszalea naiz ni, guztiak ikusten ditut, eta gogoan ditut Lerun eta San Pedroko fabrika inguruan jokatzen ziren krosak, hango lokatza... bizi-bizi ditut gogoan. Eta, bai han eta bai orain Mintxetan bizi den giro hori ez dut ikusten hemendik kanpo. Herrikoia eta herritarra da Mugertza krosa". Boluntario guztiek krosaren alde egiten duten lana ere goraipatu du Gutierrezek, eta horietako baten izena aipatu du, Mikel Izeta zenarena. "Beti laguntzeko prest dauden boluntario horien ordezkari ezin egokiagoa zen".
Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Gorka Iturriagak, berriz, duela 80 urte krosa antolatzeari ekin zioten elgoibartarrak ekarri ditu gogora. "Ezingo lukete sinetsi krosak gure izana nazioartera nola zabaldu duen, nola lortu duen munduratzea bertako erroak galdu barik. Iturriagak azaldu duenez, lan boluntario eskergaz gainera, jakintza tekniko handia, erakundeen babesa eta ekosistema egoki bat eskatzen ditu era honetako kros baten antolakuntzak, eta antolatzaileek gero eta handiagoak eta zorrotzagoak diren eskakizunak egokitzen egiten duten lana itzela dela gaineratu du.

2024 01 03 mugertza krosa 80 aurkezpena udaletxean BARREN 1

2024 01 03 mugertza krosa 80 aurkezpena udaletxean BARREN 3

2024 01 03 mugertza krosa 80 aurkezpena udaletxean BARREN