Herriko atletek ere hartu dute parte estreinakoz Mugertza kroseko atletei egin dieten harreran

Barren.eus 2024ko urt. 6a, 20:55

Urtero moduan, Mugertza krosean lehiatuko diren atleta nabarmenei harrera ofiziala egin diete lasterketa jokatu bezperan. Aurten, lehen aldiz, herriko atletek ere hartu dute parte, eta Mikel Izeta zena ere izan dute gogoan ekitaldian.

Errege Egunean suertatu da aurten Mugertza kroseko atletei egiten dieten harrera ofiziala, eta hala, kroseko errege erreginek hartu dute leku, ordu batzuk lehenago Errege Magoak egon ziren arkupeetan. Izen eta palmares handiko atletei egin diete ongi-etorria, besteak beste, 3.000 metro oztopoetako lasterketan txapeldun olinpikoa eta munduko txapelduna den Soufiane El Bakkali marokoarrari, edota krosean egungo munduko txapelduna den Beatrice Chebet keniarrari.

Goi mailako atletekin batera, baina, Elgoibarko atleteei, Mintxeta Atletismo Taldean dihardutenei zein beste talde batzuetan lehiatzen direnei ere egin diete ongi-etorria aurten, estreinakoz.  Antolatzaileek balioan jarri nahi baitute euren ahalegina ere. Hogei bat diren arren, ordezkaritza bat egon da gaurko ongi-etorri ekitaldian.

Ekitaldian, ohi moduan, udal agintariek antxitxikari nabarmenenei harrera ofiziala egin diete udaletxeko arkupeetan. Musika eta argiekin girotuta, aurkezpen ikusgarria izan da, Iñigo Asensio kazetariak gidatua. Emakumezkoen eta gizonezkoen lasterketa nagusiko atletak lasterketako babeslea den Ford Lerunen bi autotan ailegatu dira Kalegoen plazaraino.

Agurraren ostean, atletei ohorezko aurreskua dantzatu diete Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek, Udal Txistulari Taldekoekin batera. Azken horiek 'Agur, jaunak' euskal abesti herrikoia jo dute udaletxeko pleno aretoan, ekitaldi laburrari amaiera emateko. Han Maialen Gurrutxaga alkateak hartu du hitza eta atletei ongi etorria ematearekin batera zorte ona opatu die biharko.
Herriko atletak ere gogoan izan ditu Gurrutxagak eta baita krosa antolatzen lan egiten duten boluntarioak ere. Lagatzekoak diren zenbaitzuk aipatu ditu. Horien artean, joan den urtean zendu zen Mikel Izetari aitortza egin dio, hogei urtean jardun baitzuen krosa antolatzen dutenen lantaldean. Gurrutxagak gertukoa zuen Izeta eta hunkituta egin du haren aipamena. Kroseko antolatzaileek lora-sorta bat oparitu diote Mikel Izetaren alargun Mari Karmen Lizarralderi. 

ARGAZKI-BILDUMA: 2024ko Mugertza Kroseko atletei ongi-etorria

 

2024 01 06 mugertza kroseko atletei ongietorria BARREN mike izeta omenaldia

2024 01 06 mugertza kroseko atletei ongietorria BARREN etiopiarra

2024 01 06 mugertza kroseko atletei ongietorria BARREN elgoibartarrak

2024 01 06 mugertza kroseko atletei ongietorria BARREN giz faboritoak

2024 01 06 Mugertza krosa HARRERA panoramikoa BARREN

Elgoibarko atleten zerrenda:

Mintxeta Atletsmo Taldea:
12 urtez azpikoak:
Sara Gallastegi
Sorour Berrabhi
Unax Santos

14 urtez azpikoak:
Nahia Rodriguez
Lide Sodupe
Jone Zubiaurre
Garazi Astorkia
Maialen Del Sol
Irati Calles
Andde Elizburu
Ibai Elorza
Iker Elustondo

18 urtez azpikoak:
Maite Gurrutxaga

20 urtez azpikoak:
Markel Amutxastegi
Anwar El Hassouni
Jon Dominguez

Maila absolutua:
Igor Torres
Mikel Gurrutxaga

Super Amara Bat:
Absolutoa:
Mikel Aguirrebeña

CD Eibar:
18 urtez azpikoak:
Oihan Lopez

∞Lotura duten albisteak: