Sei aizkolari, eta txapel bakarra

Barren 2025ko urr. 23a, 19:31

Finala aurkezteko Kalegoen plazan egin duten aurkezpeneko irudia. BARREN

Hirugarrengoz jarraian hartuko du Elgoibarrek Emakumezkoen Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finala, zapatuan. Uxue Ansorregi aizkolari mendaroarra da finalean arituko direnetako bat. Gaur aurkeztu dute txapelketa Kalegoen plazan.

Hirugarrengoz hartuko du Elgoibarrek finala, eta aurreko bi urteetan txapela eskuratu zuen aizkolaria izango da, oraingoan ere, irabazteko faborito argia: Nerea Arruti (Urnieta, 1990). Judoan eta crossfitean aritu ostean, 31 urterekin hasi zen Arruti aizkoran. Harrezkero, bata bestearen atzetik pilatu ditu garaipenak. Hiru alditan irabazi du Euskal Herriko Txapelketa (2022, 2023 eta 2024), azken biak Elgoibarren. Euskal Herriko hiru txapel dituen beste aizkolari bat izango du aurkari nagusietakoa, Nerea Sorondo (Bera, 1987). Aizkolari nafarra 2018an, 2019an eta 2021ean izan zen Euskal Herriko txapelduna. Arrutirekin eta Sorondorekin batera beste lau aizkolari arituko dira finalean: Laiene Pikabea, Irati Astondoa, Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi mendaroarra.

Hamar aizkolari lehiatu ziren, joan den ekainean, Mungian jokatu zuten finalera sailkatzeko kanporaketan, eta lehen sei sailkatuek lortu zuten finalerako txartela. Kanporaketa hartan Laiene Pikabea izan zen onena. Sei segundoko aldea atera zion Arrutiri eta 23 segundokoa Gisasolari. Pista ona da zapatuan ikus daitekeenerako; baina duela lau hilabete izan zen hura, eta gainera, finalean lan handiagoak egin beharko dituzte

Emakumezkoen finalaren aurretik gizonezkoen bigarren mailako kanporaketa ere jokatuko dute bost aizkolarik: Ugaitz Mugerza, Eneko Saralegi, Iosu Santamaria, Ibai Soroa eta Iban Resano.

  • 12:30ean hasiko da Euskadiko Herri Kirol Federakundeak eta Elgoibarko Udalak antolatu duten herri kirol jaialdia, Kalegoen plazan (euria egingo balu Ikastolako frontoian). Doan izango da ikustea.

Finalaren aurkezpen ekitaldia

Finalean lehiatuko diren lau aizkolarik hartu dute parte gaur arratsaldean Kalegoen Plazan egin duten aurkezpenean. Finalaren atarikoan dituen sentsazioen berri eman du Ansorregik BARRENen kamera aurrean. Hona bere berbak:

 

Nerea Arrutik irabazi ditu azken bi urteetan Elgoibarren jokatu dituzten Euskal Herriko bi txapelketak.