Nerea Arrutik irabazi du 2023ko Emakumezkoen Euskadiko Aizkolari Txapelketa

Barren.eus 2023ko urr. 16a, 10:05

Emakumezkoen Euskadiko Aizkolari Txapelketako finala jokatu zuten atzo Elgoibarren, eta Nerea Arruti urnietarrak irabazi zuen.

 Sei aizkolari aritu ziren atzo Kalegoen plazan, Euskadiko Aizkolari Txapelketako finalean: Nerea Arruti Salgado, Nerea Sorondo Maritorena, Oihana Fernandez De Barrena, Maika Ariztegi Mariezkurrena, Malen Barrenetxea eta Ane Zapirain Odriozola. Sei pago enbor ebaki behar zituen aizkolari bakoitzak: kanaerdiko bi 54 ontzakoak, 45 ontzako bi enbor eta beste bi 36 ontzakoak. Lanak amaitzen azkarrena Nerea Arruti urnietarra izan zen, 17:59 denborarekin, eta garaipen honekin iaz Mungian irabazitako txapela berretsi du. Nerea Sorondo nafarra izan zen bigarrena 3 minutu eta 55 segundora, eta Oihana Fernandez de Barrena arabarrak egin zuen hirugarren, 7 minutu eta 11 segundora. 

Kirolean ibilbide ezberdina duten emakume seikotea zen atzokoa: Adina eta esperientzia dira ezaugarririk nabarmenenak; gazteak eta zailduak ez ezik, hasiberriak eta urteetan jardunean ari direnak bildu baitziren Kalegoen plazan. Gazteenak, Malen Barrenetxeak 14 urte ditu, eta zaharrenak, Maika Ariztegik, 51. Faborito nagusia Nerea Arruti zen, eta ez zuen hutsik egin Elgoibarko plazan. 

Eguraldia lagun, ikusle ugari batu ziren atzo eguerdian Kalegoen plazan, eta elgoibartarren berotasuna jaso zuten aizkolariek. Emakumezkoen finalaren aurretik, 2. mailako gizonezkoen aizkolari txapelketaren finalerdietako bat jokatu zuten. Honako sei aizkolari lehiatuko ziren: Aritz Irazabal, Jon Rodriguez, Oihan Larretxea, Cesar Fernandez de Landa, Ibon Garaiburu, Iker Gorriti eta Iosu Santamaria. Sei enbor ebaki behar izan zituzten (54 ontzako hiru enbor, 60 ontzako enbor bat eta 72 ontzako beste bat). Denborarik onena egiten zuten lehenengo hirurak sailkatzen ziren finalerako, eta hauek izan ziren hurrenez hurren: Oihan Larretxea, Aritz Irazabal eta Jon Rodriguez. 

 

2023 10 14 euskadiko aizkora txap emak finala kalegoen irab

2023 10 15 euskadiko aizkora txap emak finala kalegoen

2023 10 15 aizkolari txap giz BARREN

2023 10 15 aizkolari txap giz b1 BARREN