Nerea Arrutik irabazi du Euskal Herriko aizkolari txapelketa

Barren 2024ko urr. 21a, 10:45

Emakumezkoen Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finala jokatu zuten atzo Kalegoen plazan, eta Nerea Arrutik jantzi zuen txapela. Bigarren urtez jokatu dute finala Elgoibarren, eta aurtengoan ere Arruti izan da onena 17:33 denborarekin. 

Bigarren urtez hartu du Elgoibarko Kalegoen plazak Emakumezkoen Euskal Herriko Aizkolari txapelketako finala. Txapelketako sei aizkolari onenak aritu ziren nor baino nor: Nerea Arruti iazko txapelduna, Nerea Sorondo, Oihana Fernandez de Barrena, Laiene Pikabea, Lucia Orbe eta Irati Astondoa. Aurtengoan ere Nerea Arruti urnietarra izan da onena, eta bere hirugarren txapela eskuratu du, 17:33 denborarekin. Nerea Sorondok egin zuen bigarren 21:05 denborarekin eta Laiene Pikabea 21 urteko aizkolari gazteak osatu zuen podiuma, 23:42 denbora eginez. 

Finalaren aurretik gizonezkoen bigarren mailako kanporaketa jokatu zuten, eta hiru onenek lortu zuten finalerako txartela: Eneko Otaño (14:16), Ugaitz Mugertza (15:40) eta Iban Resano (18:09).