Ekiola energia kooperatibari buruzko informazioa jasotzeko bulegoa zabalduko dute berriro

Barren 2025ko urr. 6a, 15:52

Elgoibarko eta Mendaroko Ekiola egitasmoa ezagutzera emateko beste bi aurkezpen egingo dituzte sustatzaileek urriaren 9an eta 10ean. Elgoibarren izango da hilaren 9koa, Aita Agirreko areto nagusian, eta Mendaron, 10ekoa, udaletxeko udalbatza aretoan. 

Eguzkiaren bitartez energia berriztagarria sortu eta kudeatuko du Ekiola egitasmoak. Energia hori hemen bertan sortuko dute, a bazkide bila ari da kooperatiba. Ekainean aurkeztu zuten proiektua, baina beste bi aurkezpen iragarri dituzte aste honetarako. Urriaren 9an, eguenean, egingo dute aurkezpenetako bat Elgoibarren, 18:30ean, Aita Agirreko areto nagusian, eta biharamunean, barikuan, hilaren 10ean, bestea, Mendaron, udaletxeko udalbatza aretoan, 18:00etan. Era berean, aholkularitza-bulegoa ere zabalduko dute urriaren 13tik 25era. Elgoibarren, Aita Agirren, astelehenetik zapatura (eguaztenenetan izan ezik), eta eguaztenean, Mendaron, jubilatuen ondoko lokalean. Ordutegia honakoa izango da bi herrietarako: 09:00etatik 13:00etara, eta 14:00etatik 18:00etara.

Ekiola ekimenean interesa duten herritarrek txosten pertsonalizatuak eskatzeko aukera izango dute aholkularitza-bulegoan. Agiri horiek beren kontsumo elektrikoaren fakturen arabera egiten dituzte, kooperatibako kide izan nahi duten ala ez baloratu ahal izan dezaten. Txosten horretan kooperatibako kide izateko baldintzei buruzko informazio zehatza ere jasoko dute.