Urtero bezala, ez da danbor hotsik faltako Elgoibarren, eta nagusiek zein umeek izango dute euren tartea. Lehen sektoreak ere izaten du lekua Trinitate jaietan, eta zapatu goizean Elgoibarko baserrietako produktu zein abereak izango dira kalean. Baina ezbairik gabe, sokamuturra izango da aurtengo berrikuntza nagusia, eta domeka goizean, Albara ganadutegiko zezenak izango dira kaleetan saltaka. Mendaron, bestalde, ohikoa izango da egitaraua.
Bihar hasiko dira ekintzak, Egur Arte Tailerrak antolatzen duen aire libreko marrazki lehiaketarekin. Margolariek herriko txokoren bat marraztu beharko dute goizean zehar, eta eguerdian banatuko dituzte sariak, elizako arkupean.
Arteak lehen sektorearekin bat egingo du bihar goizean, Izan ere, Elgoibarko baserrietako azoka berezia egingo dute Lekuederren eta Aita Agirren, Udalak eta Debemenek antolatuta. Batetik, herrian bertan ekoiztutako produktuak erosteko eta dastatzeko aukera egongo da. Lizundiatxabola, Txillarre eta Zeleta barazkiekin etorriko dira azokara; Madarizurieta (Mausitxa) gaztarekin; Yvette Miguezek (Azkarate – Yom) ogia ekarriko du; eta Lizagasarrek sagarrarekin egindako produktuak.
Baserriko produktuez gain, hemengo baserrietan hazitako animaliak ere egongo dira ikusgai. 80 bat buru ekarriko dituzte guztira baserri hauetakoek: Aiastitxiki baserria (Pirenaika), Berdezkunde baserria (Pirenaika), Ziarda Txiki Goikoa baserria (Limusina), Agerre baserria (Aubrac), Zulueta Bekoa Baserria (Pirenaika), Orube baserria (Limusina). Horrez gain astoak (Arkaitz), pottokak (Sorueta baserria) Zaldi Arabiarra eta Española (Juaristi baserria), Euskal Herriko mendiko behorrak (Artesoro baserria), behorrak (Belaustegi baserria), poniak (Irunagasoro baserria), haragitarako moxalak (Armaitxa-Erdikua baserria). Baita ere, Latxa Sasi ardiak (Irunagasoro Baserria), Ahari Latxa Mutur beltzak (Mardari-Zurieta baserria), eta Ahuntz Azpi Gorriak (Irunagasoro).
SAGARDO LEHIAKETA
Ferian ohiko bilakatu den Elgoibarko baserrietako sagardo lehiaketa antolatu du Zazpiki elkarteak, eta bederatzi baserrik hartuko dute parte: Sallobente auzotik Zulueta, Gelasoro, Amuskategi, Juaristiaundi eta Antsolabasterra; Idotorbe auzotik, Armazio; Aiastiatik, Olazarraga eta Ballegoiti, eta Azkue auzotik Azkue baserria. Iazko edizioan Amuskategik irabazi zuen, eta Armazio baserriak sei alditan jantzia du irabazlearen txapela. Horrekin batera, kalitatezko produktuak dastatzeko aukera ere eskainiko dute Lekuederren. Aire librean hasitako txerrien sahiets eta hirugihar errazioak salduko dituzte 3 euroan.
Goiz parteari amaiera emateko, elkarrekin bazkalduko dute baserritarrek, Lekuederreko karpan.
HELDUEN ETA UMEEN DANBORRADAK
Trinitateetako egitarauan pisua dute helduen zein umeen danborradek. Zapatu gauean izango da nagusien txanda, Atabal elkarteak antolatuta. 23:00etan soldadu, sukaldari eta mikeleteek hartuko dute Kalegoen plaza, eta danbor hotsak hasi aurretik, kartel lehiaketako sari banaketa egingo dute. Udal Musika Bandaren erritmora, danborradan ohikoak diren kantuak joko dituzte, eta aurtengo edizioan, gainera, kantu bat estreinatuko dute. Kalejira egingo dute ondoren herriko kaleetan zehar, eta Maalako parkean geldia egingo dute, azkenik berriz ere Kalegoen plazara itzultzeko.
Domeka eguerdian umeek hartuko diete helduei erreleboa. Inazio Bereziartua musika eskolako 250 bat ikasle arituko dira danbor eta kupelei eraginez banda gaztearen doinuak lagun, eta urtero bezala, karroza ikusgarri batek zeharkatuko ditu kaleak.
Umeen danborradak kaleak zeharkatzen dituen bitartean, artisau azoka egongo da Lekuederren. Bitxiak, burnia, ehunak, larru lanak, txotxongiloak, xaboiak, zeramika eta bestelako eskulanak ikusteko eta erosteko aukera egongo da, Euskal Herri osotik etorriko diren artisauen postuetan. Horien artean, Elgoibarko hainbat postu ere egongo dira: bitxietan, Magi Bitxiak eta Xarlem Creations, eta ehungintzan, Zugehini.
Arratsaldean, erraldoi, buruhandi eta zezenzikletak irtengo dira kalera ume eta familien gozamenerako, eta horrekin bukatuko dira jaiak.
BERRIKUNTZA, SOKAMUTURRA
Errosario jaietan ziren egitekoak sokamuturra, baina aurten urriaren 5ean Kilometroak jaia ospatuko denez Elgoibarren, Trinitateetako egitarauan sartu dute sokamuturra. Domeka goizean, beraz, 07:45ean joko dute diana herriko dultzaineroek eta segidan, Albara ganadutegiko zezenak irtengo dira kalera, King Kong parean.
Maddi Mendibil elgoibartarra da Albara ganadutegiko kideetako bat, Asier Albite zumaiarrarekin batera. Ez da Elgoibarrera etorriko diren lehen aldia izango, iazko sanbartolomeetan ere aritu baitziren zezenei sokatik tiraka Elgoibarren. Albaitaria da Albite eta umetatik ibili izan da abere suhar artean inguruko abeltzainei laguntzen, eta bere ganadutegia sortzeko ametsa beti izan du. Mendibil ere abere suharren inguruan lanean ibili da azken urteotan. Filosofiako gradu amaierako eta zientziaren filosofiako master amaierako lanak gai horren inguruan egin ondotik, 2023an doktoretza tesia egiten hasi zen zezen festa herrikoietako ganaduaren etxekotze motaren inguruan. Bi urte dira Albara ganadutegia sortu zutela, eta ordutik han eta hemen dihardute, zezen festak girotzen.
Sokamuturarren harira, ‘Udalak antolatu, Udalak babestu’ dioten kartel horiak jarri dituzte sokamuturraren ibilbideko hainbat dendarik erakusleihoetan.
MENDARO
Mendaron, Trinitate ermitaren inguruan ospatzen dituzte trinitateak, Mendarozabal auzoko jaiak. Bizi Poza txarangakoek hasiko dituzte gaur ospakizunak, eta bihar zuhaitza jasoko dute ermita ondoan jai-batzordekoek, kanpai eta txapligo hotsez lagunduta. Ekintza nagusiak, baina, igande eta astelehenerako gordeko dituzte. Txistularien kalejirarekin hasiko dituzte Trinitate Eguneko ospakizunak domekan. Ondoren, meza emango dute ermitan, eta mezatan, Mendaroko eta Itziarko abesbatzakoek parte hartuko dute. Meza osterako herri-kirol saioa lotu dute: Udane Ostolaza arituko da harria jasotzen eta Ugaitz Mugertza eta Eneko Otaño aizkoran. Hori guztia Saioa Lizarralde eta Leandro Esnaola trikitilarien doinuek jantziko dute amaieran. Trinitate Txiki egunean ere meza izango dute Trinitaten, eta ondoren, Lizarralde eta Esnaola trikitilariek alaituko dute jai-gunea.
Udalbusean aldaketak eta gaueko taxi zerbitzua
Elgoibarko Udalak jakinarazten du Trinitate Jaiak direla eta, hainbat aldaketa egongo direla garraio publikoan datozen egunetan. Alde batetik, Udalbus zerbitzuan aldaketak izango dira. Ekainaren 13an eta 14an, Udalbusa ez da Aita Agirrera sartuko. Erdiguneko jai-ekitaldiak direla eta, ibilbidea moldatu egingo da egun horietan, ohiko zerbitzua ahalik eta modurik egokienean mantentzeko.
Bestetik, Ekainaren 14an, zapatuan, doako taxi zerbitzu berezia eskainiko da herrian, 00:00etatik 06:00etara. Zerbitzua Txarridunako errotondatik abiatuko da, eta udalerri barruko ibilbideetara mugatuta egongo da. Ilara eta txanda errespetatzea eskatu dute antolaketa egokia bermatzeko. Elgoibarko Udalak eta Lila emakumeen etxeak elkarlanean sustatzu dute taxi zerbitzua, jaietan segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko helburuarekin.