Trinitate jaiak

Sokamuturraren kalte ondorioak

Barren 2025ko eka. 13a, 14:41

Trinitate jaien barruan sokamuturra antolatu du Elgoibarko Udalak domekarako, eta horren harira, ‘Udalak antolatu, Udalak babestu’ dioten kartel horiak jarri dituzte sokamuturraren ibilbideko hainbat dendarik erakusleihoetan.

Horren ondotik etorri da Udalaren erantzuna, prentsa ohar bidez. Udalak dio sokamuturrak sor ditzakeen kalteei erantzuteko ardura bere egiten duela, “beti izan den bezala”. Oharrean diote aseguru bat kontratatua dutela, kalteren bat sortuz gero erantzuteko eta  laguntza eskainiko diotela kalteak jasotzen dituenari “une horretan behar duen babesa eskuragarri izan dezan”. Era berean dio Txankakuari ematen dioten dirulaguntzan sokamuturraren babes-gastua sartzeko aukera dutela merkatariek, eta horren harira zehaztu dute 2019tik 2025era bitartean 49.000 eurotik 142.000 eurora igo dutela dirulaguntza hori.

‘Udalak antolatu, Udalak babestu’ kartela erakusleihoan jarri duen dendetako bat da Astigarraga, eta hango ugazabak eman dizkigu protestaren inguruko azalpenak. Astigarragak zehaztu du EH Bildurena izan dela ekimena, baina erantzuten diola saltokia sokamuturraren ibilbidean duten dendarien eskaera bati. “Txankakuak Bildukoekin herriko merkataritzaren egoera aztertzeko egindako bilera batean irten zen gaia, beste zenbait gairen artean, eta etorri zaizkigu astean Bildukoak kartelarekin nahi izanez gero jartzeko esanez. Eta guk jarri egin dugu”.

Sokamuturra antolatzeak dendariei sortzen dien “endredua” azaldu du Astigarragak. Udalak sokamuturrean sortu daitezkeen kalteak konpontzeko ardura bere egiten duen arren, sokamuturrerako erakusleihoak babesteko ardura merkatariek beren gain hartzen dutela azaldu du, eta hori kostu handia dela merkatari txikientzat: “Gure kasuan, 500 euro dira bi dendetako erakusleihoak sanbartolomeetan hiru egunerako babestea, eta domekarako 300 euro eskatu didate. Egun bakarra izan arren, egin behar duten lana berbera delako ia. Lehen, bakoitzak berea egiten zuen, baina orain dendari batzuk elkartu eta enpresa bati eskatzen diogu gure erakusleihoak babesteko, elkarrekin eginda kostua merketzen delako, baina hala ere, gu bezalako batentzat, diru asko da”. Aipatu du iazko iraila-urria aldera batu zirela Udalarekin gai honen inguruan hitz egiteko, eta Udaletik lasai egoteko erantzun zietela, kalteren bat gertatuz gero Udalaren asegurua kargu egingo zela esanda. Bigarrengoz jo zuten orduan Udalera Txankakuatik, eskatzeko kalteren bat sortuz gero, konponbidea eman arteko tarterako pertsona bat izendatzeko guztiaren ardura hartzeko: dendariei eurei abisatzeko, konpontzaileari deitzeko eta konpontzaileak konponbidea eman bitartean dendaren ardura hartzeko. “Aurreko lana guk egin behar dugu, eta egunean bertan ere ardura horrekin egoten gara, jai-eguna edo oporraldia izanda ere. Baina guk berme bat nahi dugu”. Eskaera bideratua dute Udalera Txankakuaren bitartez, eta erantzunaren zain daude, baina uste du hitz eginda iritsiko direla konponbideren batera.

Txankakuari ematen dion dirulaguntza handitu duela esanez Udaletik zabaldutakoari erantzunez, Astigarragak esan du ez duela uste diru hori kontu honetarako erabiltzekoa denik. “Diru hori urte osoan zehar hainbat ekintza antolatzeko erabiltzen du Txankakuak, baina ez zaigu iruditzen dirulaguntza hori gure artean banatzea, sokamuturraren kontu honek ez digulako elkartean gauden guztioi eragiten”.