Robot horri esker, ebakuntza-denborak murriztu ahal izango dituzte eta eta lanean ari diren kirurgialariek erosoago lan egin ahal izango dute, "postura hobean". Zehaztasun handiagoz ere lan egin ahal izango dutela zehaztu du, eta ondorioz, ebakuntza osteko errekuperazio hobea izango dutela gaixoek. Martinezek esan du robot hori erabiliko duten profesionalak formazioa jasotzen ari direla orain.
Gaur egun, era honetako robot bakarra dago, Donostiako Ospitalean. "Mendaron instalatuko dugun robot honi esker Donostiako ospitaleko lan-karga arindu ahal izango da, eta era berean, itxaron-zerrendak ere murriztuko ditugu. Momentuan, urologia zerbitzuan erabiltzeko jarriko dute robota, baina aurreikusten dute aurrerago beste zerbitzuetan ere erabili ahal izatea.
Sotoa birmoldatu dute Eibarko anbulatorioan
Eibarko anbulatorioan, berriz, sotoa birmoldatuko dute, eta solairu horretara lekualdatuko dituzte gaur egun arreta asistentzialarekin espazioak partekatzen dituzten zerbitzu orokor guztiak. Era berean, sailburuak aipatu du martxoan Osakidetzak lizitaziora aterako duela dentsitometro baten erosketa. Osteoporosiaren diagnostikorako erabiltzen da dentsitometroa, eta ondo bidean, urte amaierarako izango dute Eibarko ospitalean.
Elgoibarrera bisita, anbulatorio berriaren harira
Debabarrenara egindako bisita Elgoibarren amaitu du sailburuak, Maialen Gurrutxaga alkatearekin. Elgoibarren, anbulatorio berria eraikiko duten ingurua ikusten izan dira.
Sailburuak adierazi duenez, proiektua idazteko prozesuan sartuta daude, eta obrei "datorren urtearen hasieran" ekingo dietela aurreratu du, 24 hilabeteko egikaritze-epearekin eta 6.600.000 eurotik gorako aurrekontuarekin. Martinezek osasun-zentro berriak izango duen azalera handian jarri du azpimarra. "Egungoaren bikoitza izango da, sei solairu eta bi mila metro koadro baino gehiago baititu", adierazi du zonaldeko lehen mailako arreta indartzeko eraiki nahi duten azpiegituraz. Egungoak 960 metro koadro erabilgarri ditu. Elgoibarren, Mendaron eta Soraluzen bizi diren 18.000 pertsona ingururi eman nahi diote arreta.
Zentro berria uholde-eremu batean egongo denez, baldintza horretara hobekien egokitzen den "eraikuntza-soluzioa" zein den aztertzen ari direla ere esan du Martinezek. Horretarako, Osakidetza, URA agentzia, Elgoibarko Udala eta proiektua idazteko talde esleipenduna elkarlanean ari direla azaldu du.
Lotura duten albisteak:
- Osasun Zentro berria izango denaren lehen irudiak erakutsi ditu Udalak (2024-06-06)
- Osakidetzak lizitaziora atera du Elgoibarko osasun zentro berriaren proiektuaren idazketa (2024-02-23)