Osakidetzak Atxurra Zelaieta Arquitectos S.L.P. eta Bear Arquitectos S.C.P. enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu dio Elgoibarko osasun-zentro berriaren proiektua idazteko ardura. Etorkizuneko zentroa funtzionalagoa eta egungo beharretara egokitua izango dela adierazi dute arduradunek, eta zerbitzuak areagotzeko aukera emango duela. Elgoibarren, Mendaron eta Soraluzen bizi diren pertsonei (17.861 pertsona guztira) emango die zerbitzua.
Proiektu horretarako, Osasun Sailak 3,6 milioi euro inguruko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du, eta aurreikusten du obrak 2025ean hasiko direla, 24 hilabeteko exekuzio-epearekin.
Elgoibarko Osasun Zentro berriak 2.200 metro koadro inguruko azalera izango du, eta egungo osasun-zentroaren neurriak bikoiztuko ditu.
Administrazio-eremu bat, familia-medikuntzako eta pediatriako gunea, emakumeari arreta emateko gune bat, fisioterapia-gune bat, eta Osakidetzako langileentzako gune bat izango ditu. Medikuntzako eta erizaintzako 23 kontsulta inguru izango ditu; sendaketa-gela, ekografia-gela, odola ateratzeko gela, larrialdi-gelak, edoskitze-gela, eta erditzea prestatzeko gela, besteak beste.