62 elgoibartar eta 5 mendaroar daude izena emanda Behobia-Donostia lasterketaren 59. ekitaldirako

Barren 2024ko aza. 7a, 18:43

Domekan jokatuko dute Behobia-Donostia, Euskal Herrian jokatzen den herri lasterketa jendetsuena. 27.722 lasterkarik eman dute izena, eta ohi moduan Elgoibartik eta Mendarotik ere joango dira antxitxika zaleak.

Zehazki, 62 elgoibartar eta 5 mendaroar daude izena emanda, iazko antzerako kopuruak (65 eta 8; iaz). 

Fortuna Kirol elkarteak martitzenean eman zituen aurtengo ekitaldiari buruzko xehetasunak. Bada berritasun nagusi bat: inoizko Behobia-Donostia luzeena izango dela, saltakari guztiek orain arte baino 196 metro gehiago egin beharko baitituzte, 20,196 kilometro guztira. Abiadura handiko trenaren lanek eragin dute ibilbide aldaketa. 2014an moldatu zuten azkenengoz ibilbidea eta harrezgero 20 kilometro izan ditu probak. Ibilbidea aldatzera behartu dituen lanek parte hartzaile kopuruan ere izan dute eragina. Abiadura handiko trenaren lanengatik tren zerbitzu gutxiago izango zela jakitun, parte hartzaile kopurua mugatzea erabaki zuten antolatzaileek izena emateko epea zabaltzerakoan. 27.000an jarri zuten muga, azkenean apur bat gehiago onartu dituzten arren. 
Parte hartzaileen %31,5 izango dira emakumezkoak: 8.716. Iaz parte hartzaileak 30.000 izan ziren, horietatik %29,2 emakumeak. Adin tarteari dagokionez, estreinakoz 26 eta 30 urte artekoa izango da adin tarte nagusia, orain arte 41-45 edo 46-50 izaten baitzen. Alegia, gaztetu egin da proba.

Debabarrena eskualdetik parte hartuko duten saltakarien kopuruak:

  • EIBAR 88 antxitxikari (29 emakume 59 gizon)
  • ELGOIBAR 62 antxitxikari (12 emakume  50 gizon)
  • DEBA 33 antxitxikari (11 emakume 22 gizon)
  • MUTRIKU 16 antxitxikari (3 emakume 13 gizon)
  • MENDARO 5 antxitxikari (0 emakume 5 gizon)
  • ITZIAR 4 antxitxikari (1 emakume 3 gizon)
  • SORALUZE 3 antxitxikari (1 emakume 2 gizon)