Satxa Soriazuk 'The Megadeth Project' lana aurkeztuko du Mendaron, kontzertuan

Barren 2024ko mai. 23a, 13:46

Satxa Soriazu musikari hernaniarrak The Megadeth Project diskoa (Aztarna, 2023) argitaratu zuen iaz, 1990eko Rust in Peace laneko abestiak jazz-hizkuntzara ekarrita, eta zapatuan, hilaren 25ean, kontzertua emango du Mendaron, San Agustin kulturgunean. 

Urtarrilean hasi zuten jazz zikloaren barruan, Uztargi tabernakoek eta Galle-tiak gozotegikoek antolatu dute kontzertua, Gararock taldekoen laguntzarekin. Sarrerak Uztargi tabernan salduko dituzte 8 euroan, bai eta egunean bertan San Agustin kulturguneko atean ere, aurrez amaituko ez balira. 

Megadeth taldeak 1990ean argitaratu zuen "Rust in Peace" diskoak laudorio ugari jaso zituen hasieratik: "Trash maisulana", "metal album onena", "generoa definitu duen lana"... eta antzerakoak. Birtuosismo instrumentalez eta atal txikiagoko kantuz osaturiko lana zela azpimarratu zuten kritikariek. Testuinguru horrek guztiak are handiagoa egin zuten Satxa Soriazu piano joleak gidatzen duen laukoteak bere buruari jarri zion erronka, Megadethen zenbait abestiren berrirakurketa jazzistikoa egitea, alegia. "Beti ere taldeari diogun errespetu eta mirespen sakonenetik abiatuta, haien riff ugariak eta korapilatsuak jazz garaikidearen lengoaiara egokitu ditugu, Megadeth taldearen ikurra den energiaren izpirik galdu gabe", dio Soriazuk. 


"Piano-jotzaile klasiko batek Beethovenen sonatak grabatu nahi dituen bezala egin dut, edo jazz musikari batek Duke Ellingtonen konposizioetan oinarritutako disko bat argitaratzen duen bezala, nahiz eta aurretik interprete askok besterik gabe grabatu dituzten. Neure nortasunetik egin dut, naizena islatuz, musikari gisa izan dudan bizi-ibilbide osoa: nerabezaroan entzuten nuen rocka eta heavya, rock sinfonikoa, piano klasikoko ikasketak eta, jakina, jazza", zioen Soriazuk diskoa argitaratu berritan Tomajazz aldizkariari eman zion elkarrizketan. Eta diskoaren esentzia hori bera ekarriko du orain zuzenekora. Daniel Lizarraga (bateria), Kike Arza (Kontrabaxua) eta Alejandro Mingot (gitarra) izango ditu lagun eszenatokian Soriazuk. 

∞Lotura duten albisteak: