Uztargi tabernak eta Galle-tiak gozotegiak antolatu dute kontzertua, Gararock taldearen laguntzarekin, eta Miguel Rodriguez (pianoa), Joan Terol (bateria) eta Javier Callen (kontrabaxua) musikariekin batera arituko da. Lotura berezia du Masternakek Mendarorekin, pandemia garaian etorri zirelako bizitzera Iñigo Ruiz de Gordejuela bikotekidea eta biak, Bostondik (AEB). Ibilbide oparoko musikaria da Ruiz de Gordejuela ere, sortzez mendaroarra, sehaskatik bertatik musika arnastu duena etxean. Mendaron musika eskola sortzeko lantaldean aritu zen haren ama Marta Agirre, eta haren aitari, Julio Ruiz de Gordejuelari, zor dio Ameikutz izena. Kontzerturako sarrerak Uztargin erosi daitezke 8 euroan, edo egunean bertan sarreran 10 euroan.
• 6 urterekin ekin zenion pianoa ikasteari eta 12 urterekin hasi zenituen kantu eskolak. Musika klasikoa ikasten hasi zinen, baina luze gabe pasatu zinen jazzera. Zer du jazzak hain adin goiztiarretan erakarri zintuen moduan erakartzeko? Zuen etxean zer garrantzi izan du musikak?
Jazza askatasunaren hizkuntza da, munduan zehar musikari askok hitz egiten duguna, eta mugetatik haratago konektatzen gaituena. Inprobisatzeko behar hori sentitzen nuen nik neuk umetatik, eta nire etxean, nahiz eta musikari profesionalak ez izan, musika beti egon da oso presente. Ella Fitzerald-en Live in Berlin diskarekin maiteminduta hartu nuen jazzerako bidea.
• Nerabe zinela, Poloniako telebista saio batean parte hartu zenuen, eta berehala hasi zinen nazioarteko lehiaketetan sariak pilatzen. Ugaritzen ari dira artista berrien bila ibiltzen diren telebista saioak. Zer izan zen zuretzat hura?
Poloniako The Voice eta antzeko telebista saioetan ibili nintzen, bai. Alde positiboak badituen arren, presio handiko giroa sortzen da saio horietan, nerabe baten arlo psikologikoarentzat batez ere. YouTube moduko sare sozialetan norberari buruzko ehundaka komentario irakurtzeak ez dio inori onik egiten. Baina hein berean, esperientzia ona ere izan zen, musikariak ezagutu eta musikaren industriak nola funtzionatzen duen ezagutzeko bidea eman zidalako.
• Berklee College of Music entzutetsurako beka lortu eta Poloniatik AEBetarako bidea hartu zenuen gero. Zer nolako esperientzia izan zen hura zuretzat? Zer ate zabaldu zizkizun?
Berkleen mundu osoko musikariekin batera ikasi nuen, eta esperientzia hori beti da aberasgarria, ziurtzat dituzun gauzak edo norbere kulturan
aldaezinak diren ideiak alderatzera behartzen zaituelako. Musikalki ere oso aberasgarria izan zen influentziak edo eraginak, eta lagun eta proiektu
berriak etengabe gertatzen zirelako.
• Bostonen, Women in Jazz Collective taldea ere sortu zenuen [Emakumeak Jazzaren kolektiboan]. Zeren beharra sumatuta sortu zenuten taldea? Nola ikusten duzu emakume musikarien eszena?
Emakumeok zein gizonek rol espezifikoak izan dituzte musika taldeen barnean historikoki, arrazoi ezberdinengatik. Women in Jazz Collective sortu nuenean elkarrizketa hori ireki nahi izan nuen Berkleeko ikasleen artean, emakume musikariok gure rolaren eta balioaren kontzientzia izateko. Zorionez, nik askatasun osoa izan dut umetatik nire gustuko instrumentua aukeratu eta nire bizitzaren norabidea hartzeko. Zailtasunak, nire ustez, musikaren merkatuak eta bizimoduak ezartzen ditu, ez generoen arteko borroka delako horrek. Batzuetan aukera berdintasuna emaitza berdintasunarekin nahasteko arriskua dago.
• Estatu Batuetan, Kanadan, Txinan, Europan eta Hego Amerikan... aritu zara. Jaialdi entzutetsuetako karteletan ikusi zaitugu. Zer da zuretzat musika, ogibide izateaz gain?
Bostonetik bueltan Mendaron finkatu ginen pandemia garaian, eta musika edonon egin daitekeenez eta entzule guztientzat denez, aukera dudan guztietan kantatzen dut, han edo hemen. Musika bizimodu bat da, nire bizitzaren alderdi guztietan presente dagoena. Entzuleekin hori elkarbanatzea ezinbestekoa iruditzen zait.
• Estatu Batuetan, Kanadan, Txinan, Europan eta Hego Amerikan... aritu zara. Jaialdi entzutetsuetako karteletan ikusi zaitugu. Zer da zuretzat musika, ogibide izateaz gain?
Bostonetik bueltan Mendaron finkatu ginen pandemia garaian, eta musika edonon egindaitekeenez eta entzule guztientzat denez, aukera dudan guztietan kantatzen dut, han edo hemen. Musika bizimodu bat da, nire bizitzaren alderdi guztietan presente dagoena. Entzuleekin hori elkarbanatzea ezinbestekoa iruditzen zait.
• Irakasle aritzen zara eta nazioartean ere hainbat master-class eman dituzu. Musika hezitzaile zaren neurrian, nola uste duzu irakasten dela gaur egun musika?
Niretzat irakastea abestea bezain garrantzitsua da, musikarako zaletasuna umeumetatik jorratu behar baita, eta ezagutzak entzumena pizten baitu. Uste dut lan handia dagoela egiteko musika irakaskuntzan oraindik, musikaren errekonozimenduan eta baita irakasleen zein curriculumaren prestakuntzan ere. Musika ikasteak ikaslearen bizitzaren arlo askotan du eragina eta onura, musikako klaseetatik haratago.
Malwina Masternak-i eta Iñigo Ruiz De Gordejuelari eginiko elkarrizketak osorik BARREN astekariko 1313. zenbakian-PDF-