Malwina Masternak jazz abeslariak Miguel Rodriguez (pianoa), Joan Terol (bateria) eta Javier Callen (kontrabaxua) taldekideekin batera urtarrilean eman zuen kontzertuak zabaldu zuen zikloa, eta domekan, Irati Bilbao musikariaren txanda izango da. 2019an Musikeneko musikari talde batekin sortutako proiektu pertsonala aurkeztuko du Bilbaok, eta horretarako, Mikel Nuñez (pianoa), Fran Serrano (baxua) eta Aitor Bravo (bateria) taldekideekin batera arituko da oholtzan. Jazz klasikoa du oinarrian proiektuak.
Uztargi tabernakoek eta Galle-tiak gozotegikoek antolatu dute kontzertua. Sarrerak Uztargi tabernan salduko dituzte 8 euroan, bai eta egunean bertan San Agustin kulturguneko atean ere, aurrez amaituko ez balira.