Itxura berrituta dator barren.eus

Barren 2024ko ots. 10a, 12:12

Joan den otsailaren 2an estreinatu eta bistaratu genuen barren.eus webgune berria eta hemen batu ditugu Interneten dugun atariak dauzkan indargune eta berrikuntza nagusiak.

Azken urteotan, aldatu egin da Interneten nabigatzeko modua. Gero eta gehiago [irakurleen %70 inguru], eskuko telefono bidez sartzen dira gure albisteetara, eta horregatik egokitu dugu, hein handi batean, BARREN.EUS webgunea, telefonotik errazago nabigatzeko.

INDARGUNE NAGUSIAK


Sareko edizioa duintasunez eta puntapuntako teknologiaz sortzeko pentsatutako tresna da plataforma digitala, eta ezaugarri nagusienetakoa da erabiltzen dugun toki komunikabideek teknologia, edukiak eta estrategia digitala partekatzen ditugula, eta inbertsio txikiak eginda, erabiltzaile guztiok abantailak eta hobekuntzak lortzen ditugula. Ez da, beraz, produktu itxia. Kazetaritzan etengabe sortzen dira behar berriak, eta komunikabideen eta erabiltzaileen beharren arabera egokitzen du Tokikomek plataforma.
Plataformara batutako agerkari guztiek hiru hanka nagusi izaten dituzte, eta hala izango ditu BARREN.EUS-ek ere:

  1. Aktualitateari dagokiona,
  2. Komunitatea
  3. Zerbitzuen atala.

Horrez gain, berebiziko garrantzia ematen diogu 1992tik hona argitaratu ditugun BARREN aldizkariaren ale guztiak (1316 dagoeneko) sarean edukitzeari. Horiek berriz kontsultatzeko aukeraz gainera, Elgoibarren eta Mendaron azken urteotan jazo denaren berri izateko aukera ematen duen artxibo erraldoia osatzen dihardugu. Bilatzaileari esker, klik batean aurki daitezke 2006tik argitaratu ditugun albisteak, eta ondo bidean, PDF aldizkarietan bilaketak egiteko aukera ere egongo da laster.

BERRIKUNTZAK


Berrikuntzen artean Agenda izango da nabarmenena. Apustu garrantzitsua egin dugu atal honekin, eta aurrerantzean Elgoibarren eta Mendaron antolatzen diren ekitaldi guztiak klik batean ikusteko aukera eskainiko dugu. Asmoa da, bestalde, bailarako agendak bateratzea, modu horretan Debabarreneko ekitaldien berri bistarazo batean emateko herritarrei. Agendaz gain, merkatu txikiko iragarkiak, zorion-agurrak eta eskelak ere argitaratuko ditugu atari digitalean. Komunitateak ere garrantzia dauka gurean, eta modu errazean ikusteko moduan jarriko ditugu ikusgai komunitateko kideen idatziak. Era berean, albisteak irakurtzeaz gaiz entzuteko aukera ere badago orain

LOGGING


Webguneak logeatzeko aukera ematen du, eta horri esker zorion-agurrak bidaltzeko edota argazkiak deskargatzeko aukera egongo da. Webgune berritua bailarako euskarazko komunikabideekin elkarlanean garatzen dihardugun prozesuaren fruitua da, eta hemendik aurrera, Debabarreneko lau agerkari digitalek Tokikomen plataforma digital bateratuaren bitartez funtzionatuko dugu [CodeSyntax enpresa eibartarrak garatu du], eta aldi berean, erreminta bera konpartituko dugu beste 27 komunikabiderekin. Ermuko Drogetenitturri.eus, Soraluzeko Plaentxia.eus eta Debako Berriketan.eus dira BARRENekin batera jauzi hau eman dutenak. Bailaran plataforma hau ezartzeko inbertsioa bailarako udal guztien laguntzari esker finantzatu dugu, eta helburua zera da: komunikabideon Interneteko jardunean pauso koalitatiboa ematea.

Eskerrik asko, Lauzi


2006. urtea zen. Ordurako hasiak ziren tokiko komunikabideak Interneterako jauzia ematen, eta BARREN ere sarean egotea garrantzitsua zela erabaki genuen. Gauza berria zen, eta ez geunden teknologia berrietan jantzita, eta hori gutxi ez balitz, ekonomia zen beste traba bat. Orduan agertu ziren gure bueltan Aitor Lauzirika eta Maite Rementeria. Elgoibarko Izarran eta BARRENen bueltan jardundakoak ziren biak, eta bai batak zein besteak sinisten zuten BARREN Interneten jartzea posible zela.

Diseinuaz arduratu zen Remen, eta alde teknikoaz, Lauzi. Webgunea prest zegoenean, kazetariak formatzen jardun zuen Lauzik, eta 2006ko urriaren 23an egin zuen BARRENek salto Internetera. Ozeano zabalean geunden bat-batean, arrain handiekin igerian. Batzuetan, galduta ibiltzen ginen, arazoak izaten genituen, baina bagenuen hondoratzen uzten ez gintuen kapitaina: Lauzi. Zeukan onena  eman dio proiektuari, beti alboan izan dugu laguntzeko prest, borondatez, aurpegi onez beti eta trukean ezer eskatu gabe. Orain Tokikom plataforman sartu gara, baina seguru gaude oraindik behin baino gehiagotan jo beharko dugula Lauzirengana, eta badakigu hor egongo dela, sinisten duelako proiektu honetan eta berea sentitzen duelako. Asko zor dio BARRENek Lauziri, eta gure partetik eskerrik asko esatea baino ez zaigu geratzen. Mila esker, gure sokorro dei guztiei erantzuteagatik.