Abenduaren 11n Debabarreneko lau euskara elkartetako lehendakariak batu ziren Elgoibarren —Elgoibarko Izarra, Ermuko Euskal Birusa, Soraluzeko Pil-pilean, eta Debako Zuhatza—, bailaratzearen aldeko hautu estrategikoa sinatzeko.
Adierazi dutenez, datozen hilabeteetan lau elkarteotako komunikabideek —Ermuko eta Mallabiko Drogetenitturri, Soraluzeko Pil-pilean, Elgoibarko eta Mendaroko Barren eta Debako Berriketan— euren arteko elkarlana indartuko dute eta bailara mailan egituratzeko pausoak emango dituzte, “komunikazio talde sendoagoa” eraikitzeko. "Uste dugu elkarrekin jardunda gaitasun handiagoa lor dezakegula gure komunikabideak berritzeko, izaera multimedia indartzeko, gure profesionalen formazioa eta lan-baldintzak hobetzeko... Eta, horrela, herritarrei kazetaritza ekoizpen erakargarriagoak eta kalitatezkoagoak eskaintzeko modua izango dugula", azaldu dute.
• Autonomia eta elkarlana
Bi oinarri nagusi zehaztu dituzte bide horretan aurrera egiteko: "Autonomia eta elkarlana". Autonomia, "hedabideek komunikazioan zentratutako egitura eta funtzionamendua beregain izan dezaten", eta elkarlana, komunikazioa hain azkar aldatzen ari den garaiotan, "bailarako hedabideekin eta gainerako euskarazko tokiko hedabideekin elkarlanean jardunda hobeto eta errazago" lan egin ahalko dutela uste dutelako.
Hala, lau euskara elkarteek konpromiso irmoa adierazi dute komunikabideei behar duten "laguntza eta babesa" eskaintzeko, norabide horretan aurrera egin dezaten.
• Erakundeen babesa
Elkarteetako lehendakariek eta herri komunikabideetako lankideek ez ezik, zenbait erakundetako ordezkariek ere parte hartu zuten Elgoibarko agerraldian. Bertan izan ziren, besteak beste, Ermuko, Soraluzeko, Elgoibarko, Mendaroko eta Debako udaletako ordezkariak; Tokikomekoak eta Debegesakoak; Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundietako euskara zuzendariak; eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendaria. Guztien artean, erakundeek babes zabala adierazi zioten egindako hautu estrategikoari.
• Proiektu irekia
Ekitaldian azaldu zutenez, bailaratzearen aldeko hautu estrategikoa hiru urteren ostean iritsi da. Izan ere, eskualdeko komunikabideek 2020an ekin zioten euren arteko elkarlana indartzeko gogoeta prozesuari eta hiru urteotan horretarako aukera teoriko eta praktikoak landu dituzte elkarrekin, Alberto Etxeandia aholkulariaren laguntzarekin.
Oraingoz, hastapeneko prozesu horretan parte hartu duten lau elkartek eta komunikabidek erabaki dute bailaratzearen aldeko hautu estrategikoarekin bat egitea, baina, adierazi dutenez, proiektua "irekia" da eta etorkizunean ere zabalik izango da proiektuarekin bat egin nahi duten eragileek bertan parte hartzeko.
• Urtarrilean webgune berriak
2024arekin batera bistaratuko da elkarlanaren bidean emandako pauso kualitatibo nagusienetako bat. Izan ere, bailarako lau hedabideek euren webguneak berritzea erabaki dute. Tokikomen plataforma digital bateratuaren bidez argitaratuko dituzte, eskualdeko udal guztiek finantzatu duten inbertsio planari esker. Hortaz, urtarrilean barren.eus atari berria aurkeztuko dugu.
Webguneak berrituta, toki komunikabideek Interneten duten jarduna indartu eta garatu nahi dute, herritarrei eduki gehiago eta modu erakargarriagoan eskaintzeko.