Azken urteotan, aldatu egin da Interneten nabigatzeko modua. Gero eta gehiago [irakurrleen %70 inguru], eskuko telefono bidez sartzen dira irakurleak gure albisteetara, eta horregatik egokituko dugu, hein handi batean, barren.eus webgunea, telefonotik errazago nabigatzeko.
Webgune berritua bailarako euskarazko komunikabideekin elkarlanean garatzen dihardugun prozesuaren fruitua da, eta pauso koalitatiboa suposatuko du bailarako eta Euskal Herriko tokiko komunikabideekiko elkarlanean. Izan ere, hemendik aurrera, Debabarreneko lau agerkari digitalek Tokikomen plataforma digital bateratuaren bitartez funtzionatuko dute [CodeSyntax enpresa eibartarrak garatu du], eta aldi berean, erreminta bera konpartituko dute beste 27 komunikabiderekin. Ermuko Drogetenitturri.eus, Soraluzeko Plaentxia.eus eta Debako Berriketan.eus dira Barrenekin batera jauzi hau eman dutenak. Bailaran plataforma hau ezartzeko inbertsioa bailarako udal guztien laguntzari esker finantzatu dugu, eta helburua zera da: komunikabideon Interneteko jardunean pauso koalitatiboa ematea.
• Plataformaren indargune nagusiak
Sareko edizioa duintasunez eta punta-puntako teknologiaz sortzeko pentsatutako tresna da plataforma digitala, eta ezaugarri nagusienetakoa da erabiltzen duten toki komunikabideek teknologia, edukiak eta estrategia digitala partekatzen dutela, eta inbertsio txikiak eginda, erabiltzaile guztiek abantaila eta hobekuntza handiak lortzen dituztela. Ez da beraz produktu itxia. Kazetaritzan etengabe sortzen dira behar berriak, eta komunikabideen eta erabiltzaileen beharren arabera egokitzen du Tokikomek plataforma. Plataformara batutako agerkari guztiek hiru hanka nagusi izaten dituzte, eta hala izango ditu Barren.eus-ere ere: Aktualitateari dagokiona, Komunitatea edo herriko eragileen arteko komunikazio tresna, eta zerbitzuen atala, gurea moduko agerkari digitalei etekin ekonomikoa ateratzeko bidea emateko. Gaur egun, 31 hedabide daude Tokikomen plataforman; 31 hedabide, inbertsioak, ideiak eta estrategia partekatzen, euskarazko tokiko komunikabideen sarea etengabe berritzen joateko. (ikus TOKIKOMeko toki komunikabideen mapa)
• Artxibo erraldoia
Berebiziko garrantzia ematen diogu 1992tik hona argitaratu ditugun BARREN aldizkariaren ale guztiak (1314 dagoeneko) sarean edukitzeari. Horiek berriz kontsultatzeko aukeraz gainera, Elgoibarren azken urteotan jazo denaren berri izateko aukera ematen duen artxibo erraldoia osatzen dihardugu.