Maiorak aitortu du zalantza ugarirekin iritsi zela Omanera, Himam Trail Run Race probaren luzeerarekin eta ibilbidearen ezaugarriekin kezkatuta. "110 kilometroko distantzia izateaz gainera, -5440 metroko desnibel positiboarekin-, munduko ibilbide teknikoena duen trail lasterketa dela esana zidan Omar El Sawy mendi lasterkariak, eta ez zioen gezurrik".
Ibilbidea harri txintxarrez beteriko bideetatik igarotzen zela azaldu du mendaroarrak eta via ferrata ugaritatik pasa zirela, erorikoak garesti odaintzen ziren bide malkartsuetatik. "Badaukat gaitasuna erorikorik ez izateko zentzumen guztiak adi ditudala korrika egitekoa, baina ez nekiena zen horrenbeste ordutan mantendu beharko nuenik kontzentraziorako gaitasun hori. Probak zituen 110 kilometroetatik oso oso gutxitan altxa ahal izan nuen burua lurretik, oinak non jartzen nituen adi-adi egin bainuen proba ia osoa. Pentsa, 17 orduan horrela".
Burua lurretik altxatzeko aukera izan zuen tarte labur horietan, baina, inguruko paisaia ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zuela dio, eta omandarren berotasuna gertutik nabaritu zuela. "Izugarri ederrak dira Hajar mendietako parajeak, hango kainoiak eta nonnahi zeuden pareta ikusgarriak. Gorri koloreko ilunabarra bizitzea hunkigarria izan zen eta baita bidean hangoengandik jaso genuen berotasuna sentitzea ere, etxetik horren urrun egon arren etxeko sentiarazi gintuztelako. Jende ona da Omangoa, gertukoa, etxetik urrun zaudenean aurkitzea nahiko zenukeen horietakoa. Horrela dena da errazagoa. Ez ditut ahazteko Oman eta han bizitakoak".
Emakumezkoetan azkarrena izateaz gainera, sailkapen nagusiko seigarren denborarik onena egin zuen Maite Maiorak, 17:40:15-ko denborarekin. Aziza Raji marokoarra sailkatu zen bigarren postuan (21:33:46), Maiorarengandik ia lau ordura. Gizonezkoetan Rachid El Morabity marokoarra izan zen azkarrena (15:54:04).